Apaiz lehenik, iraultzaile gero

Apaiz lehenik, iraultzaile gero

Valtierrako apaiz lagunkidea izan zen hamar urtez baino gehiagoz, apaiza zela ORT Langileen Antolakunde Iraultzailea alderdi politikoan parte hartzen hasi zen, zigortu egin zuten, apaiza izan ostean Valtierrako alkate eta Tuterako maisu izan zen aldi berean… Angel Oliver ablitastarraren bizitzan jirabira asko izan ziren, eta bizipen horietako ugari jaso dituzte martxoaren amaieran Iruñean aurkezturiko Angel Oliver. Un revolucionario desde el Evangelio liburuan. Oliverren biografia da liburua, eta, hartan, Oliver jaio zenetik hil arteko bizipen ugari agertzen dira, hau da, 1940tik 2022ra bitartekoak. Aitor Pescador Aranzadiko historialariak idatzi du liburua; hala ere, Pescadorrek dio hainbat pertsona eta erakunderen artean egindako lanaren emaitza izan dela. Historialariaren arabera, Oliverrek Valtierran egindako lanak arrastoa utzi du: «Valtierra gaur egun den bezalakoa da Angel Oliverri eta haren lantaldeari esker». 

Oliverrek Valtierran izandako garrantziak bultzatu zuen Pescador liburua idaztera; horren harira, alkate ohiaren seme Juantxo Oliverrek Iruñean egindako aurkezpenean aipatu zuen Pescadorri harrigarrien egin zitzaiona zera zela, pertsona bera herri bateko apaiz eta alkate izatea, eta, gainera, apaiz izan ondoren «alkate gorri» bihurtu izana. Angel Oliver 1964tik 1977ra arte izan zen Valtierrako apaiz lagunkidea, eta 1983tik 1995era arte alkatea. Pescadorrek liburuaren inguruko xehetasunak azaldu dizkio Nafarroako Hitza-ri, eta azpimarratu du urte haietan bai alkateek eta bai apaizek rol nabarmena zutela herrietan: «Moralari dagokionez, egon zitezkeen bi kargu garrantzitsuenak ziren». 

Egindako lanaren helburuei erreparatuta, historialariak azaldu du liburuak irakurleei «ispilu efektua» eragitea izan duela xede; hau da, irakurleek euren burua islatuta eta identifikatuta ikustea Oliverrek bizi izandakoetan. «Oliverren moduan, jende asko egon zen legez kanpoko sindikatuetan, jende askok parte hartu zuen grebetan, jende asko hasi zen politikan…», adierazi du. Horrez gain, esan du iraganean gertatu zenaren inguruan kontzientzia izateko bide bat ere badela liburua.

Aldaretik udaletxera

Oliver Valtierrako apaiz lagunkidea izan zen hamar urtez baino gehiagoz, baina, apaiz zen bitartean, arlo sozialeko beste hainbat eremutan parte hartu zuen; hain zuzen, Pescadorrek esan du Oliver JARC Landa Ekintza Katolikoko Gazteak mugimenduan ibili zela, garai horretan landan lan egin zuela eta inguru hartako «bidegabekeriak» bertatik bertara ezagutu zituela, baita Valtierrako kontserba enpresetako emakumeak lagundu zituela ere grebak eta manifestazioak antolatzen. Ekintza politikoetan ere parte hartu zuen; izan ere, ORTko zelula bat harekin harremanetan jarri zen, eta Oliverrek bat egin zuen taldearekin. Baina, 1977an, Oliver Espainiako hauteskunde orokorretara aurkeztu zenean ORTren babesean —Langileen Hauteskunde Elkartea izenarekin aurkeztu ziren—, Valtierrako apaiz kargutik kendu zuten.

«Gaur egun Angel Oliver bezalako hainbat pertsona izango bagenitu, egoera ez litzateke hain zaila izango»

AITOR PESCADOR Aranzadi zientzia elkarteko historialaria

1979ko Espainiako hauteskunde orokorretara ere aurkeztu zen ORTrekin, baina 1983an, Oliver Valtierrako alkate bilakatu zen, Valtierrako Ezkerreko Hautagaitza taldearen izenean. Alkate zela, Valtierrako korralizak berreskuratzea izan zen haren kezka nagusietako bat, eta, Pescadorrek dioenez, lortu zuen, kostata izanik ere. Korralizak kontzejuen jabetzako herri lurrak dira gaur egun, baina, Oliver alkate bilakatu zenean, jabetza pribatukoak ziren. Horrez gain, historialariak dio, besteak beste, herrian «kalitate handiko» edateko ura jarri zuela, eta arau subsidiarioak ere bera alkate zela egin zirela. 

Hala ere, garai hartan, alkate ez ezik maisu ere bazen Oliver. Tuteran eskolak ematen zizkien ijitoei, eta, Pescadorren arabera, garai hartan «izugarri estigmatizatuta» zeuden ijitoak. Adineko jendeari irakurtzen eta idazten irakatsi zion, eta gidabaimena ateratzen lagundu ere bai. Gidabaimenari dagokionez, Pescadorrek dio garai hartan gidabaimena edukitzea «ezinbestekoa» zela «lan txukun bat» izateko. Historialariaren arabera, Tuterako ijitoek gaur egun ere «oso maitea» dute Oliver.

Betebehar etikoa

Liburuaren sinopsian irakur daitekeenez, Oliverren biografia argitaratzeak «betebehar etiko eta sozial bati» erantzuten dio: besteak beste, Nafarroako Erriberan frankismoaren aurka borrokatzeko eta Nafarroan demokrazia lortu eta finkatzeko «funtsezkoa» izan zen pertsona baten memoria zaintzea.

Angel Oliverren Senaturako hautagaitzaren propaganda kartela, 1979an. ANGEL OLIVERREN ARTXIBOTIK ATEREA

Pescadorrek gaur egungo egoeraren inguruan ere hitz egin du; izan ere, aipatu du «olatu fatxa» bat dagoela, eta, horrelako egoera batean, oso garrantzitsua dela Oliverren moduko jendea egotea: «Gaur egun Angel Oliver bezalako hainbat pertsona izango bagenitu, egoera ez litzateke hain zaila izango».