Hasi da betetzen. Ostiral goizeko herritarren joan-etorriak eragiten duen zaratak hartu du Iruñeko Santo Domingoko merkatua; izkina batean dagoen tabernako kafe makinarenak ere bai. Erosketarako orga beteta, karrikarako bidea hartu dute batzuek; bertze batzuk, berriz, ailegatu berriak, lehen sosak zer postutan utzi pentsatzen ari dira. Hutsik da Inma Llorenterena, eta saltzaileak barazkien eta fruten kutxak atontzeko baliatu du hurrengo bezeroa ailegatu arteko denbora.
Llorenterena eta bertze 21 postu daude egun Iruñeko Santo Domingoko azokan, hiriburuko herriko etxearen ondoan. Astelehenetik larunbatera goizez irekitzen ditu ateak, 08:00etatik 14:00etara, eta ostiraletan eta jaiegunen bezperan, gainera, arratsaldez, 16:30etik 20:00etara. Eraikinak 160 urte bete ditu, eta, hori ospatzeko, Uri KTHR artista katalanak mural bat margotu du merkatuaren barruan. Bi emakume ageri dira irudian, bat gaztea eta bertzea zaharra, eta biek frutak dituzte eskuetan. «Belaunaldiak lotu nahi izan ditugu, azokaren iragana eta etorkizuna, eta, gainera, tokiko produktuei balioa eman», nabarmendu du Susana Frommknecht merkatuko kudeatzaileak.
«Anitzetan izan dut hemendik alde egiteko tentazioa; ez da erraza». Horixe erran du Inma Llorentek azokako orainari eta egunerokoari buruz. Merkatuan segitzen du, halere, eta erretiroa hartu arte han jarraituko duela erantsi du. «Hemendik zazpi urtera edo…». Duela 29 urte ailegatu zen azokara, Javier Oses senarraren eskutik. «Hura 13 urterekin etorri zen. Azkoiengoa zen, eta han ekoitzitako barazkiak saltzen zituen».
Oses bere familiarekin hasi zen azokan lanean; erosleak ere gurasoekin edo seme-alabekin joaten ohi dira merkatura. «Familiarekin egiteko plan bat da azokara etortzea; erosketa egiteaz harago doan zerbait da, belaunaldiz belaunaldi transmititzen den ohitura bat», azpimarratu du Susana Frommknechtek.
Postu berriak
Iruñeko Udala da Santo Domingoko azokaren eraikinaren jabe; merkatuaren kudeaketa, berriz, pribatua da. Frommknechtek zehaztu du, halere, udalaren «babesa» etengabekoa izan dela: «Guk bezala, udalak azoka biziak nahi ditu». Merkatuak interesa pizten duela erantsi du kudeatzaileak; batetik, Alde Zaharreko, Iruñeko bertze auzo batzuetako eta ondoko herrietako jendea erakartzen duela azaldu du, eta, bertzetik, bulegoetan astero jasotzen dituztela postu bat alokatzeko eskaerak.
«Ezin dugu edozein proposamen onartu», esplikatu du Frommknechtek. «Arrakasta izan dezaketen proiektuak hartu behar ditugu; gainera, zerbitzuak eta produktuak oinarri dituen azoka bat izaten segitu nahi dugu». Kudeatzaileak garbi utzi du ez diotela bertze merkatu batzuek egindako bideari jarraitu nahi: «Ez dugu ostalaritza oinarri duen azoka gastronomiko bilakatu nahi».
Iruñeko Santo Domingoko azokako kudeatzaile Susana Frommknecht, Uri KTHR artistaren muralaren aurrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Santo Domingoko azokak 22 postu ditu egun, baina 32 ziren duela hogei urte. Bertze postu batzuk zabaltzeko egitasmo bat abiarazi berri du enpresak, Iruñeko Udalarekin elkarlanean. «Helburua da jasotako proposamenen artean hiru aukeratzea eta urtebetez alokairurik ez kobratzea, beren negozio ereduak probatzeko aukera izan dezaten», kontatu du kudeatzaileak.
Erosle «fidelak»
Azokara joaten diren erosleak «hagitz fidelak» direla nabarmendu du Frommknechtek, eta merkatuaren alde egiten duten hautua eskertu die. Erosle fidel horietako bat da Mari Jose Jurio. Bilobarekin joan da, haurrak azoka ezagut dezan nahi baitu. «Txikitan gure amarekin etortzen ginen, eta bilobari ere erakutsi nahi diot». Ez da Alde Zaharrekoa, baina astean behin egiten du bisita merkatura. «Anitz gozatzen dut azokan; produktu freskoak dituzte, eta jendea hagitz atsegina da».
Jurio harat eta honat ibili da postuen artean. Llorenteren postuaren ondoan dago Yoeni Arenasena. Urte eta erdi egin du azokan, eta nabarmendu «gogorra» dela «eguneroko borroka». Olibak eta gisakoak saltzen ditu, eta kontent da erakusmahaiaren atzean. Lanean segitu nahi du. «Azokaren aldeko apustua egin dugu».
Merkatuko kudeatzaileak ere horixe eskatu die herritarrei: egin dezatela azokaren aldeko hautua. Azken urteotan Alde Zaharreko denda anitzek atea itxi dutela nabarmendu du, eta «tristea» dela. Merkataritza gune handien kontrako lehia «zaila» dela gehitu du, eta azokak «balio erantsi bat» duela azpimarratu. «Erostera etortzea baino anitzez gehiago da», berretsi du. Jurio bat dator adierazpen horrekin, eta Arenas ere bai. Ostiral goizeko giroa lasaitzen joan da ixteko ordua hurbildu ahala. Taberna hustu da, eta merkatuko pasabideak ere bai. Hurrengo egunera arte.
Noizkoa den azokaren jatorria. Iruñeko Santo Domingoko azokak 1565eko merkatuan du jatorria. 1875ean, suak kiskali zuen orduko eraikina; 1877an inauguratu zuten egungoa.
