«Esaera zaharrak dio apirilean euri asko egin behar duela; bada, non dago euria?». Mikel Baztanek (Iruñea, 1965) egin du galdera, Agoitz Loretan proiektuari buruzko solasaldiaren hasieran. Lorezaintza jaialdi bat da Agoitz Loretan, baina bertze gauza anitz ere bai: ingurumena zaintzeko kontzientzia pizteko helburua du, eta klima aldaketari aurre egiteko eta haren ondorioetara egokitzeko beharra nabarmendu. Bigarrenez eginen dute Agoitzen, datorren asteburuan.
Zer da, zehazki, Agoitz Loretan?
Lorezaintzari buruzko jaialdi bat da, berez, baina proiektu askotariko bat da, helburu baitugu ere ingurumenari buruzko kontzientzia sustatzea eta jasangarritasuna lantzea. Herriko hamaika erakunde inplikatu dira, eta horrek asko pozten gaitu. Gainera, bertako ekonomia bultzatu nahi dugu, ekonomia zirkularra.
Beraz, ez da bakarrik lorezainentzako jaialdi bat?
Ez, esparru asko lantzen baititugu. Gastronomia, adibidez, Agoizko sei tabernetan pintxo loredunak eginen baitituzte. Gainera, tailerrak eginen ditugu, eta parte hartzeko beste hainbat modu izanen dira: lorategiak atonduko ditugu, eta mikrolorategiak egiteko lehiaketa bat ere antolatu dugu. Nahi duenak parte har dezake, eta irabazleak aukeratzeko botoa eman ere bai.
Agoitz berdeago bat lortzea da kontua?
Bai, hori da asmoa. Lan horretan aritzeko, bi bide daude: batetik, udala ari da, eta, bertzetik, herriko erakundeak eta boluntarioak. Urtean hainbat aldiz landatzeak egiten ditugu, klima aldaketara egokitzeko asmoz. Eremuka aztertzen dugu zer behar dugun, batzuetan zuhaitzak eta beste batzuetan zuhaixkak landatzeko. Gainera, kultur etxeko plazan aterpe klimatiko bat egin dugu. Neguan eta udaberrian aritzen garen boluntarioekin, hain zuzen, Berdeguneak taldea osatu dugu. Berrogei pertsona inguruk bat egin dugu. Lorategiak diseinatzen ditugu; iaz bost egin genituen, eta aurten beste lau.
«Berdeguneak taldea osatu dugu. Lorategiak diseinatzen ditugu; iaz bost egin genituen, eta aurten beste lau»
Aspaldiko ohitura bat da etxeetako balkoiak landareekin eta loreekin apaintzea. Galtzen ari da?
Asko galdu da, bai, baina hasi beharko genuke berriz egiten. Guk mezu hori zabaldu nahi diegu herritarrei, animatu nahi ditugu beren balkoiak apaintzera. Hori bultzatu nahi dugu.
Aspaldiko ezagutza horiek balio dute oraingo klima aldaketari aurre egiteko?
Bai, zalantzarik gabe; naturarekin harreman estuagoa genuen eta harekin bat egiten saiatzen ginen, egokitzen. Balkoiak apaintzen zituztenen artean nolabaiteko lehia bazen, baina elkarlana ere bai, aldaxkak ematen baitzizkieten batzuek besteei.
Salestarren plazako proiektua da Iruñean azken urteotan garatutako hirigintza proiektu nagusietako bat; atentzioa ematen du porlanez betetako plaza bat izateak. Egokia iruditzen zaizu gisa horretako egitasmo bat onartzea gaur egun?
Proiektu horrek erakusten du zer ez den egin behar. Porlanari tokia kendu behar diogu. Natura behar dugu, natura baikara, eta inguruan zuhaitz eta landare gehiago izatea garrantzitsua da, tenperatura gora egiten ari dela kontuan hartuta. Porlanak tenperaturak gora egitea baino ez du eragiten. Klima aldaketako garaiotan, plazak zartagin bilakatzen ari dira, eta giroa freskatzeko bideak bilatu behar dira. Landareek eta zuhaitzek hori lortzen dute. Proiektua aurreko udalarekin onartu zuten, eta onartutakoa egin dute. Egun, Iruñeko Udalak ezin izanen luke horrelakorik baimendu.
Txantrea auzoa, berriz, duela 75 urte baino gehiago sortutako auzo bat, klima aldaketari aurre egiteko eredu gisa aipatu izan duzu, herrialdeko hainbat kolektiborekin antolatutako ibilaldi klimatikoetan. Bide berriak bilatu beharrean, aspaldiko moduei begiratzea da kontua?
Hala da. Txantrean etxebizitzen arteko lorategi handiak daude, eta oso aproposak dira beroari aurre egiteko. Salestarren plazaren gisako tokietan porlana kentzeko diru asko gastatu beharko dugu noizbait. Hirietan joerak izan beharko luke etxebizitzak elkartzea eta etxebizitzen inguruko eremuetan lorategiak jartzea. Iruñeko Alde Zaharra, adibidez, auzo bioklimatiko bat da: giroa beste auzoetan baino askoz ere freskoagoa da.
«Hirietan joerak izan beharko luke etxebizitzak elkartzea eta etxebizitzen inguruko eremuetan lorategiak jartzea»
Agoitzen Berdegunea sortu duzue; Berdesia proiektua dute Tafallan, herria klima aldaketara egokitzeko lana egiteko. Herritarrek sortutako egitasmoak dira biak. Halakoak behar dira?
Proiektu inportanteak dira, bai. Klima aldaketari aurre egiteko balio dute, baina beste onura asko ere badituzte, ingurumena eta herriak hobetzen laguntzen baitute. Elkarlana sustatzen dute, eta hori oso inportantea da, eta emaitza, gainera, ederra izaten da.
Administrazioari gehiago kostatzen zaio gisa horretako egitasmoak abiaraztea?
Bai. Sumatzen da, gainera, hirien edo herrien tamainak eragina baduela; hau da, herri txiki eta ertainetan errazagoa da gisako proiektuak garatzea, hiri handietan baino. Hiri handietan, administrazioa urrunago dago, eta zailagoa da antolatzea. Beharrezkoa da, ordea: diskurtsoen garaia amaitu da, eta ekiteko ordua da.
Loreen sasoian gaude. Udaberriak anitz aldatu dira azken urteotan?
Bai, asko. Askoz ere beroagoak dira. Desoreka da nagusi. Fruta arbolei dagokienez, eragina nabaria da: goiz loratzen dira, eta intsektuak ere lehenago ateratzen dira; txorien txitak jaiotzen direnerako, baina, zer jan ez dute. Dena dago lotuta, eta gu ere hor gaude. Egokitu behar dugu.
