Nafarroako Administrazio Auzitegiak ebatzi du Tuterako Udalak legez kanpo itxi zuela LABen ibilbideari buruzko erakusketa

Nafarroako Administrazio Auzitegiak ebatzi du Tuterako Udalak legez kanpo itxi zuela LABen ibilbideari buruzko erakusketa

Nafarroako Administrazio Auzitegiak Tuterako alkate Alejandro Toqueroren aurka ebatzi du, LABen ibilbidearen inguruko 1974tik etorkizunera LAB zabaltzen erakusketa udal areto batean ezartzea debekatzeagatik. LABek berak aurkeztu zuen udal gobernuaren erabakiaren kontrako helegitea, eta ontzat jo du orain auzitegiaren erantzuna. Sindikatuaren arabera, argi geratu da «legez kanpoko zentsura» aplikatu zietela, eta horregatik eskatu dute Toqueroren dimisioa.

LABek Euskal Herriko zenbait txokotan ezarri zuen sindikatuaren historia laburbiltzen zuen erakusketa, eta Tuteran ere hala egiteko asmoa zuen; zehazki, iazko urriaren 1etik 10era bitarte La Rua gizarte etxean egon behar zen ikusgai. Udal gobernuak, baina, hilaren 4an erabaki zuen erakusketa hura behin-behinean ixtea eta zigor espediente bat irekitzea, udal araudiaren kontrakoa zela iritzita. Zehazki, adierazi zuten euskal presoei egiten zitzaizkien erreferentziak «terrorismoaren gorazarre» gisa jo zitezkeela. Hala, urriaren 6an LABi jakinarazi zioten aretoaren lagapena eten egin zutela, eta, hala, erakusketa ixtera behartu zuten.

Administrazio auzitegiaren arabera, baina, udal gobernuak «babes juridikorik» gabe hartu zuen erabakia: «Argi eta garbi, eskumenik ez zuen organo batek eman baitzuen, eta erabaki hori babesten zuen administrazio prozedurarik ez zen izapidetu». Are gehiago, auzitegiak zehaztu du erabakiak ez dituela «proportzionaltasunaren, eraginkortasunaren eta kostu txikienaren printzipioak kontuan hartzen», eta «kalte konponezina» eragin ziotela erakusketaren egileari.

Ohar batean, LABek adierazi du uler dezaketela UPNri eta Toquerori berari sindikatua «ez gustatzea», baita hark «Erriberan duen presentzia eta eragin gero eta handiagoa begi txarrez ikustea ere», baina txarretsi du hori ezin dela argudio izan adierazpen askatasunaren aurka egiteko. Izan ere, sindikatuaren ustez, erakusketa galaraztea «eraso obsesibo bat» da, eta balio demokratikoen kontra doa.

«Alejandro Toquero bezalako kazikeek erakusten dute zer garrantzitsua den Nafarroako erakundeen lema UPNren eskuetatik urrun egotea», adierazi du sindikatuak alkatearen kontra eginda, eta gehitu du Tuterako herritarrek erakusketa ikusteko aukera izango dutela.