Itunpeko ikasgela kopuruari eusteko lege proposamenaren «kalte larriez» ohartarazi du Gimenok: «Ezinen dugu D eredurik ireki Faltzesen»

Itunpeko ikasgela kopuruari eusteko lege proposamenaren «kalte larriez» ohartarazi du Gimenok: «Ezinen dugu D eredurik ireki Faltzesen»

Presazko agerraldia egin du gaur Carlos Gimenok, aurretik iragarri gabe eta bihar Nafarroako Legebiltzarrean egitekoa den Hezkuntza Batzordearen bezperan. Itunpeko ikastetxeetan ikasgela kopurua murrizteko erabakiaz mintzatu da Hezkuntza kontseilaria, eta, zehatzago, UPNk afera horri buruz aurkeztu duen lege proiektuaz. Izan ere, egungo ikasgela kopuruari eusteko proposamena aurkeztu dute erregionalistek parlamentuan, baina, Gimenoren irudiko, proposamen horrek «kaosa eta ezinegona» besterik ez du eraginen Nafarroako hezkuntza sisteman.

Zehazki, Hezkuntza kontseilariak aurkeztu duen txosten tekniko baten arabera, UPNren foru legearen proposamena Espainiako konstituzioaren aurkakoa izan liteke, hezkuntza administrazioen eskumenak urratuko lituzkeelako. Hura onartzeak «ondorio oso larriak» izanen lituzkeela gaineratu du: «Lege proposamen horren bitartez, itunpeko hezkuntzako ratioak murriztu nahi ditu UPNk, eta, aldi berean, aurtengo ikasturteko unitate publiko eta itunduei eutsi nahi die. Beraz, ezinezkoa litzateke unitate berriak zabaltzea».

Gimenok esplikatu duenez, UPNren proposamena onartuko balitz, hutsetik abiatu beharko litzateke 2026-2027ko ikasturterako matrikulazioa, eta ikasle berriak beste era batera banatu beharko lituzkete, 23 ikasleko ratioa aplikatu ahal izateko —25 ikaslekoa da gaur egun—: «Horrek esan nahi du itunpeko ikastetxe gehienetan dauden postuak murriztu egingo direla, eta ikasle batzuek ez dutela izanen aurrez esleitu zitzaien eskolako ikaspostua. Oraingoz ezin dugu jakin zenbat izanen liratekeen kaltetuak», esan du kontseilariak: «3 urteko ikaspostuen behin-behineko esleipenean, ikasleen %98,9k postua lortu dute lehen aukeran. UPNren lege proposamena onartuta, ordea, ehuneko hori nabarmen gutxituko da». Ikasleen banaketa kolokan egonen litzateke, besteak beste, San Ignazio, Monjardin Lizeoa eta Miravalles ikastetxe erlijiosoetan.

Faltzes eta Tutera

Proposamenak sare publikoari ere kalte eginen liokeela uste du Gimenok: «Unitateak gehitzeko aukera dugu zenbait ikastetxetan, baina [UPNren proposamena onartuz gero] ez da ikaspostu hutsik egonen, eta ikasle batzuek beste ikastetxe publiko edo itunpeko batzuetara joan beharko dute». Horren adibidetzat jo ditu Tuterako Huertas Mayores ikastetxe publikoa eta Faltzesen irekitzekoa den D ereduko lerroa: «Hezkuntza Departamentuak ezinen du D ereduko unitaterik ireki. 13 familiak egina dute eskaera beren seme-alabak unitate horretan ikas dezaten».

Lanpostuei dagokienez, kontseilariak esan du ikastetxeetako lantaldeak berregin beharko liratekeela: «Ekainean, ikastetxeek ez dute jakinen zein lantalde izanen duten, eta [lanpostu finkorik gabeko] irakasleek ere ez dute jakinen non egin beharko duten lan».

Hori dela eta, «arduraz» jokatzeko eskatu die Gimenok parlamentuko talde politikoei, eta UPNren proposamena onartzeak eraginen lituzkeen kalteak aintzat hartzeko: «Lege hori babesten dutenek azaldu beharko dute noren mesedetan ari diren. Izan ere, ontzen ari garen txostenaren arabera eta orain arte kontatu duguna aintzat hartuta, Nafarroako gizartearen gehiengoa aterako da galtzaile».