Belateko tuneletan orain arte 33 milioi euro ordaindu dira

Belateko tuneletan orain arte 33 milioi euro ordaindu dira

«Ez gaituzue kikilduko, ez gaituzue geraraziko». Nahiz eta eskuineko oposizioak irregulartasun susmoak zabaltzen saiatu, Oscar Txibite Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko kontseilariak azpimarratu du Belateko tunelaren obrek aurrera jarraitzen dutela. Honez gero, aurreikusitakoaren erdia inguru ordaindu da: martxora arte 33 milioi euro inguru. Gainera, 191 metro falta dira tunelaren bi aldeak lortzeko. Txibitek iradoki du sanferminetarako amaituko dela lanen lehen fasea; zulatzea, alegia.

[articles:2156073]

UPNk deituta, berriro ere Txibite parlamentura joan da azalpenak ematera. Kontseilariak gogorarazi du 2023ko udan kargua hartu zuenetik parlamentuan Belateri buruz 144 ekinaldiri erantzun diela eta «gardentasun osoz» jardun duela. «Gainerakoa zarata eta gezurrak besterik ez dira», erantzun dio UPNri.

Egun, Acciona eta Oses eraikuntza enpresen elkarteak jarraitzen du lanean, irailean Servinabar atera zenez geroztik. Lanak hasi eta gutxira, hasierako 76 milioi euroko aurrekontua igotzeko proposatu zioten enpresek Nafarroako Gobernuari. Orotara beste 8,5 milioi euro beharko zituztela esan zuten, eta gainkostuak %10a gaindintzen zuenez, espedientea ireki zen.

Tramitazioan aurrera egin zuen eta Kontu Hartzaile Nagusiak iazko azaroan eten egin zuen espedientea, bere ikuspegitik 6,2 milioi euro justifikatu gabe zeudela arrazoituta. Erabaki haren ondotik Pedro Lopez Herri Lanen zuzendaria kargugabetu zuen gobernuak, eta duela bi aste, apirilaren 15ean, obraren zuzendaria kentzea proposatu dio enpresa elkarteari, formalki. Haren erantzunaren zain daude. 

Txibitek gaur berretsi du lizitazioan aurreikusi ez ziren konplexutasun teknikoen ondorio dela kostu igoera. «Hondeamakinek zorua zapaldu arte, ez dago ziurtasun osoz jakiterik zerekin topatuko diren, eta makinak han sartu direnean konplexutasuna handitu da: ur gehiago, ezegonkortasun gehiago eta ondorioz bestelako konponbide teknikoak».

Ezegonkortasuna batik bat arbela agertu izanak eragin du. Lizitazioan kalkulatu baino lehenago agertu zitzaien enpresei, eta zulatzeko metodoak zein ingurua eusteko neurriak sendotu egin behar direla aipatu du Txibitek. «Mendiak ez du lana erraztu», aipatu du.  

Moldaketa lantzen

Alta, Kontu Hartzaileak azaroan arrazoitu zuen adjudikazioan proposatutakoaren diferente ari zirela enpresak, euren interesen arabera. Orain, espediente horren moldaketa lantzen ari dira, «azalpen teknikoak hobetzeko». Oraindik ez dute amaitu, baina Kontu Hartzailearekin batera ari dira lanean. Aurreratu du espediente horretatik kanpo utziko dutela lehergailuen gordailua (416.000 euro): enpresek gainkostuen proposamenean sartu zuten, baina Kontu Hartzailearen iritzia aintzat hartu da —ez dagokio administrazioari hori ordaintzea—.

Behin zulatzea amaitu eta tunelaren bi aldeak lotuta, asko geratuko da oraindik ere. Gero, 2.856 luzerako zorua apurtu beharko da, eta Txibite ez da ausartu esatera noiz amai dezaketen. Zailtasun tekniko berekin topatzea espero du eta «sei edo zortzi hilabete» beharko dituztela uste du. Ez du baztertu berriro ere kostuak igotzeko bigarren espediente bat egin behar izatea: «Une honetan ez, baina probabilitate handiak daude». Hori dena amaituta, errepidea eta tunel baten ohiko instalazioak eraiki beharko dira.

UPNko Pedro Gonzalezek salatu du enpresek hasieratik zutela pentsatuta kostuak igotzea eta Nafarroako Gobernuak «eragozpenik ez jartzea». Sevillan susmopean den zubi batekin hori gertatu dela aipatu du: «Kontua da hemen ez dutela denborarik izan hitzartutako komisioak ordaintzeko». PSNko Javier Lekunberrik barrezka erantzun dio. «Printzipio juridiko bitxia da hori. Ez duzu denborik izan hiltzeko baina hiltzaile bat zara».