Lau gizon epaitzen ari dira Iruñeko parke batean eraso homofobo bat egiteagatik

Lau gizon epaitzen ari dira Iruñeko parke batean eraso homofobo bat egiteagatik

Lau gizonezko epaitzen ari dira Nafarroako Probintzia Auzitegian, gorroto delitu bat egitea leporatuta. Zehazki, egozten diete parke batean zegoen gizonezko bat iraintzea eta haren aurkako jarrera homofoboa erakustea. Hala, akusatuei 21 hilabeteko espetxe zigorra jartzeko eskatu dute, 200 metrotik gorako urruntze agindua ezartzeko hiru urtez, eta 3.000 euroko kalte ordaina pagarazteko kalte moralengatik. Laurek ukatu dituzte karguak. LGTBI kolektiboko kideen eskubideen aldeko Ehgam elkarteak eraso homofoboak arbuiatzeko elkarretaratzea egin du auzitegiaren aurrean, epaiketa hasi aurretik.

2024ko azaroaren 9an izan ziren epaitzen ari diren gertaerak. Gauerdia zen, eta biktima Iruñeko kanposantuaren atzeko zuhaizti batean zegoen. Toki hori cruising eremu bat da, homosexualek sexu harremanak izateko topagune bat, alegia. Biktimak azaldu duenez, bakarrik zegoen parkean, eta irain homofoboak entzuten hasi zen. Behin baino gehiagotan, oihuka eta modu bortitzean esaten ari zitzaizkion irain horiek. Gizona, beldurtu, eta bere ibilgailura joan zen babes bila. Autoan zegoela, parketik alde egitea erabaki zuen, eta orduan ohartu zen beste ibilgailu bat oso gertutik jarraitzen ari zitzaiola. Halako batean, aurrez aurre jarri ziren bi autoak, eta biktimak hiru gazte ikusi zituen. Gertaera horiek asko ikaratu zuten, eta horren ostean piperbeltz esprai bat erosi zuen, berriro halakoren bat gertatzeko beldur zelako.

Homosexualen kolektiboarentzat cruising eremu horrek garrantzi handia duela nabarmendu du biktimak. Aitortu duen arren hasieran burutik pasatu zitzaiola erasoa ez salatzea leku horren pribatutasuna babestearren, azkenean salaketa jartzea erabaki zuen, «nekatuta» dagoelako «horrelako gertaerak jasan behar izateaz».

Akusatuak, ezkutuan

Lekuko batek esan du akusatutako lau gazteak ikusi zituela eremu hartan bertan, «ezkutuan» eta «arraro» jokatzen. Aurretik bizi izan dituen intimidazio egoerak direla eta, zerbait gertatuko zelako susmoa izan zuen. Hori dela eta, urrun geratu zen, eta argazki bat atera zion akusatuen autoaren matrikulari.

Iruñeko Udaltzaingoak abisu bat jaso zuen gau hartan, norbaiti irain homofoboak egin zizkiotela eta, eta gertakariak izan ziren ingurura bertaratu zen. Akusatuen ibilgailua miatu zuten udaltzainek, baina ezer susmagarririk aurkitu ez. Hala ere, udaltzainek azaldu dutenez, akusatuek maniobra arraro bat egin zuten polizien ibilgailua ikusi zutenean, haiei izkin egin nahian ariko balira bezala.

Akusatuek, ostera, karguak ukatu dituzte, eta esan dute afaldu ostean lasai egoteko joan zirela parkera. Udaltzainen ibilgailua ikusi zutenean egindako maniobrari buruz zera adierazi dute: ez zekitela auto hura Poliziarena zenik.

Udaltzaingoak jakinarazi duenez, 2024an txosten bat egin zuten homofobiarekin zerikusia gertaera bati buruz, eta, txosten hura osatu zuen udaltzainaren hitzetan, litekeena da kasuak, denetara, «salatzen direnak baino gehiago» izatea.

Nafarroako Ehgam kolektiboak salatu duenez, epaitzen ari den kasu hau funtsezkoa da cruising lekuei beste esanahi bat emateko, «gorrotoaren aurkako eremu sinboliko eta babestu gisa». Jakinarazi dutenez, akusatuei «prestakuntza eta laguntza neurri zuzentzaileak hartzeko aukera» eskaini zieten, baina baztertu egin zuten aukera hori, eta «nahiago izan dute auzitegiari aurre egin».