Nafarroako ikasgelen auzia hasia da argitzen. PSNk eta Geroa Bai-k iragarri dute akordioa lortu dutela hezkuntza ereduari dagokionez, eta beraz, bidea itxiko diotela UPNk Nafarroako Legebiltzarrean aurkeztutako lege proposamenari.
Bi taldeek adostutakoaren arabera, itunpeko ikastetxeek aukera izanen dute ikasgela kopurua moldatzeko, «zentro bakoitzaren eskarira egokitzeko helburuarekin». Hezkuntza publikoaren eta itunpekoaren ratioak parekatzeko aukerari buruz, Nafarroako Gobernuak ez du erabakirik hartuko, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak eman beharreko ebazpena argitaratu arte, eta behin epai hori jasota, epaileen irizpidea onartuko du gobernuak.
Ekainetik aurrera, berriz, lantalde bat jarriko dute martxan, «Nafarroako hezkuntza sistemaren etorkizuna aztertzeko xedez». Lantalde horrek, baina, aintzat hartu beharko du «hezkuntza publikoa dela sistema osoaren bizkarrezurra». Lantaldearen helburua izanen da, besteak beste, bilakaera demografikoak, despopulazioak eta migrazioek hezkuntzan duten eragina neurtzea. «Horretarako, aztergai izanen dira, besteak beste, indarrean den araudia, dibertsitatea bermatzeko neurriak, ratioak, finantzaketa, irakasleak, neurrien egutegia, azpiegituren plana eta D eredua hedatzeak ikastolen eredu kooperatiboan duen eragina», azaldu du PSNk, ohar batean.
Geroa Bai: «Oinarri-oinarrizko akordioa da»
Geroa Bai pozik azaldu da itunarekin, baina aitortu du adostutakoak ez dituela erabat asetzen koalizioaren aldarrikapenak: «In extremis lortutako akordioa da, eta gure aldarrikapen gehienak jasotzen ditu, Hezkuntza Departamentuak hasieran jakinarazitako erabaki aldebakarrari aurre egiteko. Edonola ere, oinarri-oinarrizko akordioa da; ez ditu koalizioaren nahiak %100ean asetzen, baina aukera emanen du desegokitzat jotzen genituen zenbait erabaki konpontzeko».
