Ezkabako gotorlekua memoria demokratikoaren leku izendatzeko plaka duela hilabete eskas jarri zuten eraikin haren hormetako batean, 36ko gerran eta frankismoaren lehen urteetan han preso egon ziren herritarren omenez. Gaur, 1938ko ihesa gogoan, horiek omendu ditu Geroa Baik, «biktima guztien memoria eta aitortza mantentzen laguntzeko asmoz, egia, memoria, justizia eta erreparazioa erdigunean jarrita».
Denera, 7.000 lagun baino gehiago espetxeratu zituzten han, eta Europan izan den ihesaldirik handienetako baten lekuko ere izan zen. 1938ko maiatzaren 22ko gauean, 795 presok gotorlekutik ihes egitea lortu zuten, baina hurrengo egunean haiek harrapatzeko giza ehiza abiatu zuten indar frankistek. Hiru lagunek soilik lortu zuten muga zeharkatzea. Gainerakoak atxilotu egin zituzten, eta berrehun lagun inguru fusilatu, gotorlekuaren inguruak hobi erraldoi bilakatuz. Hala, Ana Ollo Nafarroako Memoria eta Bizikidetza kontseilariak leku haren «sinbolismoa» nabarmendu du.
«Hemen gaude gizarte zibilak bide bat hasi zuelako, erakunde memorialistek eta ikertzaileek Ezkabako gotorlekua memoriaren mapan ezarri zutelako», adierazi du kontseilariak, eta Geroa Baik prozesu horretan egindako lana nabarmendu du, haren hitzetan, koalizioak politika publikoetan ardura hartu duenetik, «memoriaren eta bizikidetzaren aldeko apustu» argia egin baitu.
Hala uste du Irantzu Zabalza alderdikide eta Fortunato Agirre zenaren bilobak ere. Hark erakunde publikoen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du, eta hartan sakontzeko eskatu, «hobetzeko eta argitzeko geratzen den guztia aurrera ateratzeko». Era berean, Zabalzak transmisioaren garrantzia ere nabarmendu du, bere etxean egindako lana adibide gisa jarrita: «Gure etxean beti hitz egin izan da jazotakoaz, eta modu normal batean egin zen, gorrotorik gabe. Hala egin zuen amatxi Elvirak, eta jarraitu zuen nire ama Mirentxuk, bere aitaren historia helarazi zigunean».
Gaurko agerraldian, koalizioko aurpegi ezagunenak izan dira. Ollorekin batera, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, Uxue Barkos senatari eta lurraldeko presidente ohia eta Pablo Azkona eleduna izan dira, besteak beste. Lore eskaintza bat egin dute ezarri berri duten plakaren aurrean.
