Hauteskundeen mamua ezta aipatu ere

Hauteskundeen mamua ezta aipatu ere

Hauteskundeak aurreratzeko aukera hortxe dago, Nafarroako Parlamentuaren gainean, zerumuga iluntzen duen hodei beltz baten antzera. Eta, hala ere, inork ez du argi eta garbi izendatu nahi. Iragan astean, hezkuntza itunen kontura sortutako krisiak eztanda egin zuenean, askok ikusi zuten Nafarroako Gobernuko kideen arteko harremanak —batez ere PSNren eta Geroa Bairen artekoak— ez direla ziruditen bezain sendoak, azken egunetako gertakariek aspaldiko ezinikusiak hauspotu dituztela, eta inoiz baino errealagoa dela gobernua hausteko arriskua. Hain zuzen, aukera hori eragozteko eta itun programatikoa berresteko bilkura eginen dute gaur arratsaldean PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak, eta horri buruz galdetu diete kazetariek, parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzordearen ostean.

[articles:2158225]

«Ez dugu agertoki hori planteatzen», «une zailak dira, baina gure lehentasuna da akordioei eustea», «nik ez dut halakorik aipatu»… Bozeramaile parlamentarioek hedabideei emaniko erantzunek argi utzi dute, gobernu barruan, inork ez duela hauteskundeak aurreratzerik nahi, baina ez dutela aukera hori erabat baztertzen ere. 

PSNko Ainhoa Unzuk, esaterako, argi utzi nahi izan du bere alderdiak «konpromiso erabatekoa» duela «egonkortasun instituzionalarekin», eta beharrezkotzat jotzen dutela «interes orokorra lehenestea», oztopoak gainditu ahal izateko. Gogora ekarri du, Yolanda Barcina lehendakari zen garaian, UPNk Nafarroako Gobernutik bota egin zuela PSN, eta horrek «blokeo eta paralisi egoera batera» eraman zuela herrialdea: «Ezin gara itzuli halako egoera batera, Nafarroako herritarrak galtzaile aterako liratekeelako», esan du.

Egunotan argitara atera da, bestalde, PSNk txosten juridiko bat eskatu zuela parlamentuan, jakiteko ea noiz arte duen epea hauteskundeak aurreratzeko —aste honetan egin dezake, beranduenez—. Horri buruz galdetuta, Unzuk erantzun du txosten hori apiril hasieran eskatu zutela, «zalantza juridiko batzuk argitzeko asmoz», baina ez duela loturarik iragan asteko polemikarekin.

Arratsaldeko bilera

Gaur arratsaldeko bilerari buruz, nabarmendu du «analisiak partekatu» nahi dituztela Geroa Bairekin eta Zurekin Nafarroarekin, legealdia bukatzeko falta den urtebetean «erronka ugariri» egin beharko baitiete aurre: «Lege eta neurri asko ditugu onartzeko zain, eta horien garapena arriskuan jartzea arduragabekeria hutsa izanen litzateke. Guretzat, bide orria argia da, eta hura sendotu beharra daukagu».

«Bi akordio urratu ditu Geroa Baik: alde batetik, legealdi hasierako itun programatikoa, eta bestetik, iragan asteazkenean adostu genuena» 

AINHOA UNZU PSNren bozeramailea

Hala ere, PSNren bozeramaileak kritika ugari egin dizkio Geroa Bairi, bere esanetan, Uxue Barkosen taldeak «ez zituelako bete PSNrekin hitzartuak zituen akordioak». Unzuk esan du ez dela «batere aurrerakoia» UPNren lege bati onespena ematea, eta Geroa Baik bi itun urratu zituela: «Alde batetik, legealdi hasierako akordio programatikoa, bertan jasota baitzegoen hezkuntza itunei buruzko jardunbidea; eta bestetik, iragan asteazkenean bertan adostu genuena, UPNren legeari ezezkoa emateko konpromisoa jasotzen zuena».

Geroa Bairen ustez, ordea, PSN izan da erabakiak «kontsentsurik gabe» hartu dituena. Pablo Azkona eledunak txarretsi du, iragan ostegunean, gobernuko bi bazkide nagusiek «muturreraino» eraman zituztela euren arteko desadostasunak, eta bere taldearen konpromisoa berretsi du «gobernu pluralen eta aurrerakoien alde». Uste du, hala ere, arazoaren oinarrian zera dagoela: «Nola hartzen diren erabakiak alor konplikatu eta garrantzitsuetan, Hezkuntzan, esaterako». Azkonak PSNri gogorarazi dio «ez duela bakarka gobernatzen», eta Carlos Gimeno kontseilariaren jokabidean egin du azpimarra: «Kontsentsurik gabeko erabakia izan zen ikasgelak ixtea, eta gure lehentasuna izan da horri konponbidea ematea, ikusita ez zegoela adostasunik». Aurrera begira ere, gobernuari eusten dioten taldeen arteko akordioak «ezinbestekoak» izanen direla gaineratu du eledunak.

«PSNk gogoratu beharko luke ez duela bakarka gobernatzen. Ikasgelak ixtea kontsentsurik gabeko erabakia izan zen, eta gure lehentasuna izan da hori konpontzea» 

PABLO AZKONA Geroa Baiko bozeramailea

Zurekin Nafarroaren izenean, Carlos Guzmanek hitz gordinak erabili ditu egungo egoera definitzeko: «Begien bistakoa da krisi politikoa». Aurreko asteko ika-mikaren ostean esan zuen «konfiantza galdua» zela gobernuko bazkideen artean. Gaur galdetu diote ea konfiantza hori berreskuratu duen, baina Guzmanek izkin egin dio galderari: «Itun programatikoan eta haren betetze mailan jarria dugu guk konfiantza». Hauteskundeak aurreratzeaz esan du, gaur gaurkoz, ez dutela aukera hori planteatzen.

EH Bildu: «Arduraz jokatu dugu»

Oposizioko taldeek ere hizpide izan dute gobernu barruko krisia. EH Bilduko Mikel Zabaleta parlamentariak nabarmendu du hezkuntzari lotutako erabakiak ezin direla hartu «presaka eta adostasunik gabe», eta hori izan zela Nafarroako Gobernuak egin zuena. Zabaletak aitortu du koalizio independentistak ez zuela gustuko UPNren lege proposamena, eta erabakia zutela aurkeztutako zuzenketak erretiratzea —eta proposamena erortzen uztea—, gobernu barruan akordio batera iritsi izan balira: «Azkenerako, baina, ez zen halakorik gertatu; beraz, zuzenketei eutsi behar izan genien, bi helburu nagusirekin: batetik, ikasgelen itxiera urtebetez geroratzea, eta bestetik, ratioak apaltzeko foru lege bat sustatzea».

«Nafarroan badago gehiengo aurrerakoi bat, eta ezinbestekoa da gehiengo hori gobernuan ardazten asmatzea, akordio sendoen bitartez» 

MIKEL ZABALETA EH Bilduko parlamentaria

EH Bilduk une oro «arduraz» jokatu duela azpimarratu du eledunak: «Elkarrizketa diskretoak izan ditugu batzuekin eta besteekin, eta saiatu gara zarata gehiago ez ateratzen». Gobernuaren etorkizunari buruz, berriz, gobernuari eusten dioten talde guztiek «erantzukizunez» jokatuko dutelako esperantza agertu du. «Nafarroan badago gehiengo aurrerakoi bat, eta ezinbestekoa da gehiengo hori gobernuan ardazten asmatzea, akordio sendoen bitartez».

UPNko buru Javier Esparza izan da hitza hartzen azkena. Irribarretsu azaldu da kazetarien aurrera, eta esan du «ahul» ikusten dituela hala Nafarroako Gobernua nola lehendakaria bera. Horren adibidetzat jo ditu azken asteetako eztabaidak, eta gogora ekarri ditu Belateko tunelen auzia, Osasunbideko itxaron zerrendak edo etxebizitzaren arazoa. Esparza ziur da Txibitek «asmoa zuela» hauteskundeak aurreratzeko, baina atzera egin duela azken momentuan: «Hauteskundeak egin dituzte Andaluzian, eta Txibitek ikusi du PSOE hondoratzen ari dela erkidego guztietan. Beldurra sartu zaio, eta bukaeraraino aguantatzea erabaki du, Pedro Sanchezen antzera».