Foruzaingoak 62 urteko gizon bat ikertu du, 16 urteko mutil bati sexu harremanen truke dirua eskaintzea leporatuta. Prostituzioan aritzera bultzatzea egotzi diote. Poliziak ez du zehaztu gizona zein herritakoa den. Erriberakoa dela esan du.
Foruzaingoaren arabera, gizona mutilarekin harremanetan jarri zen, eta lan bat eskaini zion: altzariak lekualdatzea. Elkarri mezuak bidali zizkioten, eta gizonak mutilari dirua eskaini zion «masaje baten truke». Mutilak tutoreei jakinarazi zien. Tutoreek ohartarazi zioten eskaintza oso larria zela, eta Foruzaingora joan ziren, gertatua salatzera. Foruzainek ondorioztatu dute hasierako mezuen ondoren gizonak mutilari dirua eskaini ziola sexu harremanen truke.
