Arratsaldean mobilizazioak egingo dituzte Hego Euskal Herrian, Arguedasko hilketa matxista gaitzesteko

Arratsaldean mobilizazioak egingo dituzte Hego Euskal Herrian, Arguedasko hilketa matxista gaitzesteko

Ehunka herritar kalera irtengo dira gaur arratsaldean Arguedasko (Nafarroa) hilketa matxista gaitzesteko. Foruzaingoak atzo iluntzean eman zuen hilketaren berri: 43 urteko gizonezko batek 44 urteko emaztea hil zuen asteburuan. Gizona Guardia Zibilaren Valtierrako kuartelera joan zen atzo, esan zuen emaztea hil zuela, eta haren hilotza etxean zegoela. Euskal Herriko aurtengo bosgarren hilketa matxista da. Hala, Arguedasko Udalak elkarretaratze batera deitu du 19:00etarako; udaletxearen aurrean egingo dute. Euskal Herriko Mugimendu Feministak eta Itaiak ere mobilizazioak egingo dituzte. 

Arguedasko Udalak ohar bidez eman du elkarretaratzearen berri. Hasierako asmoa 12:00etan egitea zen arren, arratsaldera atzeratzea erabaki dute azkenean, iritzita hala herritar gehiagok izango dutela bertara joateko aukera. Komunikatuan, gainera, udalak berriro ere gaitzetsi du asteburuko hilketa matxista, eta «babesa eta elkartasuna» adierazi dizkie biktimaren senideei eta gertukoei. 

Euskal Herriko Mugimendu Feministak Iruñean egingo du elkarretaratzea, 20:00etan, Udaletxe plazan. Astelehen Lilak elkarteak elkarretaratze horretan parte hartzera dei egin du, eta babesa helarazi die biktimaren familiari eta lagunei. Zabaldutako prentsa oharrean, nabarmendu du indarkeria matxista «osoki artatu» behar dela, eta horren aurkako neurriak «zehatz jasota» behar dutela Nafarroako araudian; are, ohartarazi du indarkeria matxista existitzen denik ukatzen duen oro «konplize» dela. 

Eta hori saihesteko, Astelehen Lilak-ek uste du ezinbestekoa dela «pertsonen arteko tratu onetan eta emakumeek duin eta aske bizitzeko duten eskubidean» oinarritutako hezkuntza eredu bat eraikitzea. Izan ere, elkarteak gogorarazi du hilketa matxista honek «baliabiderik eta amarik gabe» utzi duela 8 urteko haur bat. 

Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak ere «matxismoa ukatzen duten ideia erreakzionarioei» aurre egiteko beharra azpimarratu du, eta ohartarazi aurtengo lehen seihilekoa amaitu baino lehen Euskal Herrian eraildako emakume kopurua iazkoa halako bi dela ia. Hain justu, iaz zazpi emakume hil zituen indarkeria matxistak. Hala, Itaiak mobilizazioak egingo ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan: Iruñean 19:30ean, Udaletxe plazan; Gasteizen 18:30ean, Correos plazan; Donostian 19:30ean, bihar, Bulebarrean; eta Bilbon 19:00etan, bihar, Areatzan. Zenbait herritan ere mobilizazioak deitu ditu, hala nola Altsasun (Nafarroa), Azpeitian (Gipuzkoa) eta Gernika-Lumon (Bizkaia).

Gaitzespen gehiago

Arguedasko Udalak eta eragile feministek ez ezik, NUKF Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak ere gaitzetsi egin du hilketa matxista. Ohar bidez, babesa helarazi die biktimaren familiari, baina baita Arguedasko Udalari eta bertako herritarrei ere, argudiatuta halako «gertaera larri batek eragin handia» izan dezakeela herrian. Horren harira, federazioak nabarmendu du instituzioek eta gizarte mugimenduek lanean jarraitu behar dutela baldin eta helburua «indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat» eraikitzea bada. 

Antzera mintzatu dira bai CCOO, bai UGT sindikatuak. Lehenak adierazi du oraingoa Nafarroan aurten izan den bigarren hilketa matxista dela, eta kopuru horrek «erantzun irmo eta kolektibo bat» behar duen errealitate bat islatzen duela. Horretarako, instituzioei exijitu die indartu ditzatela indarkeria matxistaren biktimen «prebentziorako, babeserako eta arretarako baliabideak». UGTk ere azpimarratu du kasuen gorakadak agerian uzten duela ezinbestekoa dela indarkeria matxistari «irmoki» erantzutea; halere, gogorarazi du heriotza ez dela horren ondorio bakarra.

Gizona, atxilo

Foruzainek atzo baieztatu zutenez, Arguedasko Postigo kalean izan zen hilketa, bikoteak herrian zuen etxebizitzan. Zenbait hedabidek zabaldutako informazioaren arabera, ez zeramaten denbora luze Arguedasen bizitzen. Senitarteko batek aurkitu zuen andrea, hilotz, eta foruzainei eman zien horren berri. Ordurako, kuartelerako bidea egina zuen senarrak, eta han kontatu zuen asteburuan andreari eraso egin ziola, eta hilda zegoela. Guardia Zibilek atxilotu egin zuten gizonezkoa, andrea hiltzea leporatuta.