«Hiriak natura izan behar dira, landa eremuak hirian izan behar baitu segida»

«Hiriak natura izan behar dira, landa eremuak hirian izan behar baitu segida»

Ezkaia, izpilikua eta bertze landatu, hiriaren barruan intsektuak erakarriko dituen uharte berde bat sortzeko. Horixe egin du Monika Aranda artistak (Iruñea, 1976), Plantae in periculo bere azken proiektuaren bidez. Iruñeko La Fabrica de Gomas aretoaren kanpoko aldean jarri ditu landareok, Iruñeko Udalak utzitako eremu batean, eta gisako irlak sortzera deitu ditu herritarrak.

Artista gisa, nola ailegatu zara margolaritzatik landareen mundura?

Arte garaikidearen esparruan, instalazioak egiten ditut. Halako lanen bidez, material anitz erabiltzen eta sortzen duzu. Hori oinarri hartuta, pentsatzen hasi nintzen zer kentzen ahal nion naturari lehengai gisa erabiltzeko; asmoa zen gure inguruan egon behar ez duen hori erabiltzea, eta exotikotzat jotzen diren landareak etorri zitzaizkidan burura.

Zehazki, panpako lezka bilakatu zenuen zure laneko ardatz. Zergatik hori?

Hemengo naturaren eta biodibertsitatearen alde zerbait egiteko modu erraz bat zelako. Gainera, Nafarroan zeuden panpako lezkak kentzen hasi nintzenean, landare hori ikertzen hasi nintzen, eta landareen inguruko nire jakin-minak gora egin zuen. Landareen inteligentziari buruz anitz ikasi dut, eta liluratuta nago.

Zertaz ari zara landareen inteligentziaz ari zarenean?

Beren inguruko informazioa jasotzeko eta egokitzeko duten ahalmenaz, bertzeak bertze. Bada erleen itxurako loreak dituen orkidea mota bat; itxura ez ezik, usaina ere badute. Landareon estrategiak dira, polinizatzaileak erakartzeko.

«Nafarroako landareak ikertzen hasi nintzenean, ohartu nintzen berrehun espezie badirela galtzeko arriskuan»

Oraingo lana galzorian diren landareen inguruan garatu duzu. Zergatik?

Panpako lezkak ikertzen hasi nintzenean, helburua zen naturari sobera zuen hori kentzea; orain, berriz, kontua izan da naturara itzul daitekeen instalazio bat egitea, ingurumenaren eta hiriko biodibertsitatearen alde.

Oro har, herritarrak jabetzen al dira inguruan dituzten landareen egoeraz?

Ezetz uste dut, herritarron eta inguruko landareen arteko nolabaiteko deskonexio bat gertatu dela. Nafarroako landareak ikertzen hasi nintzenean, ohartu nintzen berrehun espezie badirela galtzeko arriskuan.

Baten batek bereziki eman dizu atentzioa?

Bai, zehazki lau landare aztertu ditut proiektu honetarako, eta laurak dira hezeguneetakoak: iratze bat, orkidea bat, goroldio mota bat eta landare haragijale bat.

Zergatik horiek?

Lau landare horien bidez, nolabait, oraingo proiektua eta aurreko biak lotu ahal izan ditudalako. 2022an Nafarroan izan ziren suteak oinarri hartuta, Provocación izenburuko instalazio bat egin nuen, suteen inguruan. Panpako lezkaren inguruko lanak ere suteen gaia ukitu zuen, landare horrek mendi hegal bat hartzen duenean gora egiten baitu sua pizteko arriskuak. Oraingo proiektuan bereziki landu ditudan landareak, berriz, hezeguneetakoak dira, hau da, suteen kontra behar ditugunak, hezeguneak suebaki naturalak baitira.

Herritar batzuk Monika Arandak Iruñeko La Fabrica de Gomas aretoaren kanpoko aldean sortutako irla berdean landareak landatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Landareek gero eta toki txikiagoa dute herritarren egunerokoan?

Hala dela uste dut. Nik, hain zuzen, itsukeria begetalaz hitz egin nahi dut, landareen mundu horrekin dugun erabateko deskonexioaz. Gizakiok sortutako eta biodibertsitaterik gabeko lorategiak maite ditugu, eta ez dugu intsekturik nahi hiriko loreen inguruan. Ez dugu ulertzen hiriak natura izan behar direla, landa eremuak hirietan izan behar baitu segida.

Eta nola lor daiteke hori?

Bertzeak bertze, zentzuz jokatu beharko genuke hirian jarri beharreko landareak aukeratzerakoan; txoriek eta intsektuek behar eta gustuko dituzten landareak jarri behar ditugu, hiria benetan landa eremuaren segida izan dadin. Bertzalde, basamortu berdeen auzia dago, hirian ezin erabil daitezkeen berdeguneena; adibidez, gisakoak sortzen ditugu errepideetako erdibitzaileetan. Ez du zentzurik hiriko eremu horiek zaintzea eta ureztatzea, inor ezin bada han etzan edo eseri. Beti da gauza ona landareak egotea lehen porlana zegoen tokietan, baina joka dezagun zentzuz: utz dezagun belarra horitzen abuztuan, eta utz ditzagun zuhaitzen inguruan berez sortzen diren landareak bere hartan.

Zure apustua da, hain zuzen, hirian biodibertsitatea oinarri duten uharteak sortzea. Klima larrialdiari aurre egiteko?

Klima larrialdiari eta biodibertsitatearen galerari aurre egiteko. Jaten ohi ditugun lau elikagaitik hiruk lotura zuzena dute polinizatzaileen jarduerarekin eta intsektuok gustuko dituzten loreekin. Biodibertsitatea ezinbertzekoa da, eta kontuan hartu behar dugu galtzeko arriskuan diren espezie gehienak landareak direla.

«Biodibertsitatea ezinbertzekoa da; galtzeko arriskuan diren espezie gehienak landareak dira»

Artea tresna egokia da klima larrialdiaz eta biodibertsitatearen galeraz hitz egiteko?

Baietz uste dut. Nire lanen bidez, ingurumenaren eta feminismoaren aldeko mezu bat zabaldu nahi dut, eta orain arte nahiko erraza izan zait ikus-entzuleekin bat egitea: erraz hurbildu dira nire proiektuetara. Zaila da gaizki dagoen guztia konpontzea, baina artearen bidez errazagoa da jendea ingurumenaren aldeko gauzak egitera deitzea.

Ekainaren 11tik 14ra Arbola jaialdia eginen dute Iruñean, eta halakoek, hain zuzen, zientziaren eta artearen arteko lotura dute oinarri. Inportanteak dira halako jarduerak?

Bai. Nik hainbat alditan parte hartu dut. Berriki Madrilen ere egon naiz, La Casa Encendida eta Matadero aretoetan. Toki anitzetatik deitzen naute; interesa bada.