Zenbaki baskoniko baten lehenbiziko lekukotasuna izan daitekeen inskripzio bat aurkitu dute Irulegin

Zenbaki baskoniko baten lehenbiziko lekukotasuna izan daitekeen inskripzio bat aurkitu dute Irulegin

Baskonikoarekin, iberierarekin eta are antzinako euskararekin lotuta egon daitekeen beste aurkikuntza baten berri eman du Aranzadi zientzia elkarteak, eta, hain justu, Irulegin (Nafarroa) eginiko indusketa lanetan aztarrika arituta topatutakoa da hau ere, Irulegiko Eskua azaldu zen lur berean. Zeramikazko ontzi baten puska bat da, eta piezak idazkun bat du: «abaŕ». Testuaren azterketa epigrafiko eta linguistikoa egin dute hiru adituk, eta ondorio hau atera: inskripzioa zenbaki baskoniko bat da, eta baliteke euskarazko hamar zenbakiarekin egitea bat.

Joaquin Gorrotxategik, Javier Velazak eta Joan Ferrerrek egin dute idazkunaren azterketa, eta Palaeohispanica aldizkari zientifikoaren hurrengo alean emanen dute. Dena dela, hiru ikerlariek piezaren gainean egin duten interpretazioa zuzena dela frogatuko balitz, zenbaki baskoniko baten lekukotasun bat aurkitu den lehenbiziko aldia litzateke oraingo hau. Diotenez, aurkikuntza «oso garrantzitsua» da hizkuntza baskonikoaren eta iberieraren artean zer lotura dagoen jakiteko. «Baita biek ala biek euskara historikoarekin —euskararen fase zaharrekin edo berreraikiekin— edo egungo euskararekin zer lotura duten ikertzeko ere».

Aranzadik 2017an hartu zuen bere gain Irulegiko aztarnategiko ikerketa arkeologikoaren gidaritza, eta, ordutik, osotara 75 metro koadroko eremua hartzen duten hiru etxe induskatu dituzte. Hain justu, haietako batean aurkitu zuten Irulegiko Eskua, 2021eko ekainaren 18an, eta, preseski, eraikin berberean aurkitu zituzten abaŕ hitza markaturik daukan ontziaren arrastoak ere.

[Etxebizitza] Haietako batean aurkitu zuten Irulegiko Eskua, 2021eko ekainaren 18an, eta, preseski, eraikin berberean aurkitu zituzten ‘abaŕ’ hitza markaturik daukan ontziaren arrastoak ere

Zehazki, zeramikazko ontzi puska hori bi zatitan banatua aurkitu zuten Aranzadiko ikerlariek —bi alditan, baina elkarrengandik oso hurbil—, eta, ondorioztatu dutenez, litekeena da hantxe bertan edo behinik behin inguru horretan eginiko edukiontzi baten ertza izatea. Eta, hain justu, zehazki edukiontzi bat izate hori bera funtsezkoa da idazkunean zer jartzen duen argitzeko, hipotesi nagusia baita inskripzioaren funtzioa hau zela: ontziaren edukieraren neurria zehaztea.

Izan ere, Aranzadik zabaldutako informazioaren arabera, zeramika puskan «a[ba]ŕ» edo «abaŕ» jartzen du idazkera paleohispanikoan, «seguruenik baskonikoan», eta, horregatik, loturak atzeman litezke haren eta hamar zenbakiaren idaztankera iberiarrari buruz berriki argitaratutako ikerketek azaleratutakoen artean. Ikerlan horien tesi nagusia da euskararen zenbaki sistemak eta iberierarenak antza dutela, eta 10 zenbakiarena dela adibide argienetako bat, iberierazko abar-ek bat egiten duelako euskarazko (h)amar-ekin.

Ontziaren ertz batean aurkitu dute idazkuna, zehazki, eta bi puskatan zatitua aurkitu zuten. ARANZADI

Besteak beste, zeramikazko piezaren azterketan jardundako Joan Ferrer epigrafistak plazaratu izan du horri buruzko hipotesirik, hala nola 2022an idatzi eta 2025ean plazaratutako ikerlan batean: Ogei (20): una possible marca lèxica de capacitat ibèrica expressada (en àmfores sobre un dolium de Ruscino (Perpinyà) —Ogei (20): anforatan adierazitako neurri iberiarraren marka lexikal posible bat Ruscinoko (Perpinya) dolium batean—. Eduardo Orduña filologoak 2004an gai horri buruz eginiko lehenbiziko proposamenari jarraikiz, Ferrerrek iberieraren eta euskararen arteko paralelismoak aztertu zituen bi hizkuntzen zenbaki sistemak konparatuta, eta, besteak beste, ondorioztatu zuen litekeena dela iberierak eta euskarak ama hizkuntza berean izatea jatorria.

Ferrerrek 1988an Ruscino hirian (Perpinya, Herrialde Katalanak) induskatutako dolium edo buztinezko ontzi bateko inskripzioa aztertu zuen horretarako; III. mendearen amaierako edo II. mendearen hasierako grafito bat da, eta, besteak beste, ogei hitza ageri da horretan. Hari horretatik tiraka, ikerlariaren hipotesia da buztinezko ontzien edukiera edo kantitatea adierazteko erabiliko zela ogei. Eta, ikerketa argitaratu berritan BERRIAri baieztatu zionez, posible da hitz horren eta euskarazko hogei-ren arteko paralelismoak identifikatzea. «Ogei zenbaki iberiarraren balioa euskarazko hogei-ren antzekoa da, eta zenbaki konposatuak osatzeko erabiltzen da: orgeirur (23), orgeikelaur (24), orgeiabar (30)», nabarmendu zion egunkariari 2025eko otsailean.

Eta, hain justu, honako hau ere azaldu zuen orduan Ferrerrek: edukiera neurtzeko sistema oso baten parte zela ogei hitza. Hori erakusten dute, haren ustez, ontzien grafitoetan aurkitu zituen beste hauek ere: irur (hiru), laur (lau), sei (sei), sorse (zortzi) eta abar (amar). Eta horra hor, azken horretan zehazki, orain Irulegin aurkitutakoarekin lotu litekeen haria.

Agerian baina ikusezin

Idazkuna daukan zeramikazko ontzia Iruñeko Civivox Pompelo eraikinean dago ikusgai, eta han bertan egin dute haren aurkezpena ere gaur. Eta ez da kasualitatea.

Joseba Asiron Iruñeko alkatearekin eta Manolo Romero Aranguren ibarreko alkatearekin batera, Irulegiko aztarnategiko zuzendari Mattin Aiestaranek eta Javier Velaza epigrafista eta linguistak eman dituzte azalpenak, eta aitorpenik ere izan da. Izan ere, pieza iragan urtarrilaren 30etik dago ikusgai, Civivox Pompelon bertan, Irulegitik Pompelora: hiri baten jatorriak erakusketan. Hau da: guztien bistara zen lehendik ere, baina ez zuen aparteko azalpenik, ez eta inskripzioak izan dezakeen garrantzi historikoari buruzko aipamenik ere. Orain arte.

Inskripzio bat daukan beste pieza baten aurkezpena ere egin dute agerraldi berean, eta Irulegiko aztarnategian topatutakoa da hori ere; zehazki, Irulegiko Eskua eta «abaŕ» idatzia daukan zeramika azaldu ziren etxe harexen kanpoaldean. Italiatik ekarritako berniz beltzez margotutako ontzi baten puska bat da, Aranzadiren esanetan, «kanpaniar» motakoa, eta «basi» du idatzia. Izen baten laburdura bat delakoan daude ikerlariak, eta, zehazki, baliteke «ontziaren jabeari edo etxeari» egitea erreferentzia.