Pausoz pauso aurreraka ibiltzeari utzi gabe nahi du atzera begiratu Landartek. Landa eremuan arte garaikidearekin lotutako kultur sorkuntzako prozesuak sustatzeko helburuz sortu zuen programa Nafarroako Gobernuak, 2017an. Garaian garaiko egoerei moldatuz egin du aitzinera orain arte, eta hamargarrenez antolatu dute aurten. Ordea, antolatzaileen iritziz, nahiz eta urteurren borobila dakarren aldiak aukera paregabea zabal lezakeen abiada pixka batez moteltzeko, kasik pausatzeko, eta eginiko urratsak omentzeko, haiek nahiago dute arian segitu. «Landarteren hamargarrena ez da izanen omenaldi kutsuko aldi bat, baizik eta orain arte programaren zutabe izan direnak baliozkoak direla azpimarratzeko beste aldi bat; hori baita zerbaitek funtzionatzen duela berresteko modurik hoberena: jarraitzea».
Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendari Iñaki Apeztegiarenak dira hitzok, gaur Iruñeko aurkezpenean esanak. Hark jakinarazi ditu aurtengo programari buruzko datu inportanteenak ere: herrien eta artisten izenak. Leotzen, Mirafuentesen, Miranda Argan, Elon eta Uskartzen eginen dute Landarte oraingo honetan, eta artista hauek ariko dira udalerri horietako bakoitzean lanean, hurrenez hurren: Iratxe Perez Barandalla, Jaime Remirez de Ganuza, Silvia Aierra, Hasier Larretxea eta Irantzu del Valle.
Landarte aurrenekoz abiarazi zutenez geroztik, eta aurtengoak artean aintzat hartu gabe, guztira 74 prozesu artistiko garatu dira programaren gerizpean, eta 88 artista edo kolektibok hartu dute parte, zehazki. Haiek guztiak sustatzeko helburuz urteotan eginiko lan eskergak daukan balioa nabarmendu du Apeztegiak: «Programak lortutakoak arte komunitarioen garrantzia utzi du agerian».
Artistak herriari; herriak artistari
Ohi denez, hautatutako artista bakoitzari herri bat esleitu diote antolatzaileek. «Bertan» ez ezik, artistak «bertako herritarrekin» jardun daitezela da asmoa; artisten eta herri bakoitzeko herritarren arteko harremanek ardaztu dezatela proposamen bakoitza.
Hain justu ere horretarako, programaren koordinatzaileek ez dute proposamen bakoitzaren alderdi formalei loturiko baldintzarik jartzen. Hori hala, bukaerako emaitza izan daiteke ikus-entzunezko pieza bat, antzerkian oinarritutako proposamen bat, askotariko adierazpide artistikoak biltzen dituen proposamen zabal bat… eta berdin da, horregatik, artista bakoitzak zer diziplinatan garatu duen bere ibilbide profesionala ordura arte. Nahi duen norabidea hartzen ahalko du orain.
«Libre» aritzen ahalko delako pozik azaldu da, besteak beste, Iratxe Perez Barandalla. Zinemagilea eta ekoizlea da, eta orain artean dokumentalgintzan urratu du bidea bereziki. Leotz udalerrian aritzea egokitu zaio, eta dagoeneko ari da buruari bueltaka, bertan zer sortu gogoetatzen. «Ikus-entzunezkoen munduan aritua naiz orain arte, baina oraingo honetan ez dut zertan horretan zentratu. Adibidez, gaur-gaurkoz, ni gehiago ari naiz pentsatzen ea nola lor dezakedan Leotz udalerriaren parte diren hamabi herrietako bizilagunak bilduko dituen zerbait sortzea». Ilusioz azaldu ditu oraintxe bertan dauzkan zalantzak, artean esploratu gabeko bideetan murgiltzeak irrika pizten dion seinale. «Ez dut baztertzen adibidez dantzari edo musikari buruzko zerbait txertatzea…», egin du aitorpena, pozik.
Antzera, esleitu dioten herriak iradokitzen dionari tiraka eginen du lan Jaime Remirez de Ganuzak ere. Batik bat diseinuan aritua da orain arte, baina gaur egun ikus-entzunezkoetan oinarritutako ikerketa bat garatzen ari da Soriako (Espainia) Tierras Altas eskualdean, eta filmaketa modu analogikoetan eta idazketan dago interesatua; Mirafuentesen aritzea egokitu zaio orain. Bestalde, Hasier Larretxea idazleak Elon garatu beharko du bere proposamena; Irantzu del Valle artista eszenikoa Uskartzen jardunen da, eta Silvia Aierra argazkilaria, berriz, Miranda Argan izanen da.
«Gakoa izanen da ongi antzematea guk [artistok] egin ditzakegunetatik zerk harrapa ditzakeen herritarrak gehien; zerk eragiten ahal dien lilura eta plazera. Erne ibili beharko dugu, sinbiosi horren bila»
SILVIA AIERRA Artista
Prozesuen hastapenetan dira guzti-guztiak. Hasiak dira herriekin harremanetan jartzen, baina ondoko urratsak non-nola egin ari dira erabakitzen. Ayerraren esanetan, «asmatu» nahi badute, ezinbestekoa izanen zaie norberaren bulkadei ez ezik herritarrenei ere erreparatzea. «Igual kontua ez da hainbeste zer nahi dugun egin, eta ezta herritarrek gugandik zer espero duten ere. Agian gakoa izanen da ongi antzematea guk egin ditzakegunetatik zerk harrapa ditzakeen herritarrak gehien; zerk eragiten ahal dien lilura eta plazera. Erne ibili beharko dugu, sinbiosi horren bila».
