LAB sindikatuak jakinarazi du lan ezbehar larriak zigor epaitegietan salatzeko asmoa duela. Gaur Iruñean emandako prentsaurrekoan azaldu dutenez, enpresei «merke ateratzen zaie langileen eskubideak urratzea», eta zigor bidea jorratzeko asmoa dutela jakinarazi nahi diete lan eskubideak zapaltzen dituzten enpresei: «Langileen eskubideak urratzea ez zaie doan aterako».
Gaur egun, lan istripuak izaten direnean, auzibide sozialera jo ohi dute sindikatuek. Eta oraindik ere bide horri segituko dioten arren, badira kasu bereziki lazgarriak, Aranoko Maderas en General Justa (Nafarroa) enpresakoa kasu. Istripua izandako langilea migratzailea da, kontraturik eta segurtasun neurririk gabe ari zen, eta, enpresako arduradunek laguntzeari uko egin ziotenean, langilea babesgabe geratu zen. Kasu hori auzitara eramanda abiatu dute lan istripu larriak zigor epaitegietan salatzeko asmoa.
2024an Aranoko zerrategi horretan jazotako ezbeharra auzitara eraman zuen LABek, eta auzitegiak tramiterako onartu du. Sindikatuak jakinarazi duenez, gaur egun enpresa horretako bi arduradun ikertzen ari dira. Inko Iriarte LABeko lan osasun arloko arduradunaren esanetan, «berez administrazioari dagokio ardura hori, baina, ez dutenez betetzen, sindikatuok hartzen dugu».
Iriarteren hitzetan, lan istripu larrien salaketak administrazio bidetik zigor bidera eramatea «urrats kualitatibo garrantzitsua» da. Gaur estrategia berri horri buruzko azalpenak emateko deitu duten prentsaurrekoan, Iriartek berak eta Ainhize Muniozguren idazkaritza juridikoko arduradunak azaldu dute zerk bultzatu duen sindikatua pauso hori ematera: «Lan munduan istripu larriak gertatzen dira prebentziorik eza dela eta, horregatik hartu dugu erabaki hau». Iriarten esanetan, orain arte ez da ohiturarik izan bide horri ekiteko, baina Aranokoa ez da «kasu larri bakarra», eta halakoei muga jarri nahi diete.
«Egurra mozteko makina batekin lanean ari zen langilea, segurtasun babesik gabe, eta horren ondorioz ezker oinaren behatz bat galdu zuen. Langileak anbulantzia bati deitzeko eskatu zien enpresako arduradunei, baina inork ez zuen artatu»
INKO IRIARTELABeko lan osasun arloko arduraduna
Iriartek salatu duenez, enpresa batzuk «migratzen duten pertsona arrazializatuen egoera zaurgarriaz baliatzen dira», eta ez dituzte betetzen legeak ezartzen dituen segurtasun arauak. Aranoko zerrategian jazotako ezbeharra zigor auzibidera eramanda zera lortu nahi dute: «Zigor eredugarri bat, enpresek ikus dezaten langileen eskubideak urratzea ez zaiela doan aterako». Izan ere, salatu duenez, «maiz enpresei garestiago ateratzen zaie lan arriskuen neurriak hartzea kalte ordainak ordaintzea baino».
500 euro isilik egotearen truke
Aranoko enpresaren aurkako zigor auziaren nondik norakoak eman dituzte. 2024an gertatu zen ezbeharra. «Egurra mozteko makina batekin lanean ari zen langilea, segurtasun babesik gabe, eta horren ondorioz ezker oinaren behatz bat galdu zuen», gogorarazi dute. «Langileak anbulantzia bati deitzeko eskatu zien enpresako arduradunei, baina inork ez zuen artatu», erantsi dute. Azkenean, «lankide batek eraman zuen larrialdietara, eta ebakuntza egin behar izan zioten».
«Langilea migratzailea da, lan baimenik gabe eta lan kontraturik gabe ari zen lanean. Enpresako arduradunek, gainera, makina erretiratu egin zuten lan istripuaren ondoren». Horretaz gain, istripua izan zuen langileak enpresako administrariaren deia jaso zuen ospitalera bidean zihoala, eta «agindu zion ez zezala esan lan istripua izan zenik».
Gizarte segurantzan alta eman gabe zegoela jakinarazi zioten, eta isilik egotearen truke 500 euro eskaini zizkiotela jakinarazi du LABek. Larrialdi zerbitzuetara iritsi zenean, baina, langileak adierazi zuen lan istripua izan zuela, eta horrela jasota geratu zen mediku txostenean.
«Langilea gizarte segurantzan alta eman gabe zegoenez, lege babesik gabe geratu zen: ezin zuen diru saririk jaso, ez zuen sostengu sozialik, eta urrun zuen familia». LABeko ordezkariek azaldu dutenez, langileak salatu zuen zerrategian bazirela beste langile batzuk egoera berean.
LABek salaketa jarri zuen, eta Nafarroako lan ikuskaritzak ikerketa abiatu zuen. Langilearen aldeko ebazpena eman zuen: «Gizarte segurantzan altan egoteko eskubidea aitortu eta berrezarri zioten, eta enpresa zigortu zuen prebentzio araudia ez betetzeagatik», esplikatu dute. Hala ere, erantsi dutenez, enpresak ez zuen isunik jaso makinak segurtasun neurriak ez betetzeagatik, langilearekin hala jokatzeagatik edota langilea kontraturik gabe edukitzeagatik.
LABek auzitara eraman zuen auzi hori 2025ean, eta orain auzitegiaren esku dago. Irailean deklaratzekoak dira enpresako bi arduradun. LABek ekinbide horren helburua azaldu du: «Batetik, gertaerak eta erantzukizun penalak argitu ditzatela nahi dugu, eta, bestetik, enpresariek inpunitatez jokatzeari uztea; dagozkien ardurak hartu behar dituzte, enpresaren irregulartasunak bukatu, eta langileen osasuna zaintzeko eta prebentzioa bermatzeko neurriak hartu».
