«Mugikorrean zuzenean ikusi genuen txupinazoa, oraindik Baigorrin ginela»

«Mugikorrean zuzenean ikusi genuen txupinazoa, oraindik Baigorrin ginela»

Kamiseta laranja soinean baina lepoan zapi gorri bana jarrita eman dute San Fermin eguna June Santafek (Iruñea, 2010) eta Leire Zabalzak (Iruñea, 2010), non eta sorterrian bertan. Euskarabenturaren zortzigarren aldiko partaideak dira biak, etxetik urrun emanen dute hilabetea horregatik, baina, hain justu, atzo txupinazoa zeruratu eta ordu gutxira heldu ziren sorterrira espedizioarekin batera, eta bertan eman dute festen egun handia ere. Dudarik ez: sanfermin diferenteak dituzte aurtengoak.

Jzioquitarrak ez bazinate, non zeundekete San Fermin egunez?

JUNE SANTAFE: Ni hemen bertantxe egongo nintzateke, lehengusinekin. Sevillatik [Espainia] eta Bartzelonatik etortzen dira urtero, txikiak dira, eta Takonerako Birjolastu gunean egon ohi gara.

LEIRE ZABALZA: Ni, segur aski, gurasoekin egongo nintzateke, bermuta hartzen, eta gero bazkaltzera joanen ginateke bai gu, baita gurasoen lagun batzuk ere.

Egunok bereziak dira zuentzat?

SANTAFE: Bai, batez ere normalean ez ditudalako sanferminetako egun asko ematen Iruñean. Egun bat edo bi egoten gara, hasierakoak gehienez ere, eta gero kanpora joaten gara oporretan.

ZABALZA: Guk ere ohitura dugu sanferminen erdialdera iristerako oporretan joateko, baina lehenengo egunetan hemen egoten naiz kasik derrigor. Duguna taldeko dantzaria naiz, eta gustatzen zait, adibidez, kideak eta ahizpa prozesioan barna ikustea.

Iruñean zareten orduotan, izan duzue familia edo lagunak agurtzeko tarterik?

ZABALZA: Oraintxe bertan izan naiz gurasoekin eta lehengusuekin, eta lagunek ere esan didate hurbiltzekoak direla agurtzera.

SANTAFE: Ni ere, antzera. Ahizpa eta aita etorri zaizkit bisitan, eta emozionatu ere egin naiz!

«Beste guztiak zuriz ikusi, eta, nahi gabe, ateratzen zaizu halako zera txiki bat barrenetik: ‘Oxala!’. Baina pozik gaude»

LEIRE ZABALZAEuskarabenturako partaidea

Janzkera diferentez ikusi zaituztete, gainera; kamiseta laranja soinean.

ZABALZA: Arraroa izan da [barreak]. Gainera, beste guztiak zuriz ikusi, eta, nahi gabe, ateratzen zaizu halako zera txiki bat barrenetik: «Oxala!». Baina pozik gaude.

Atzo ailegatuta, zer girorekin egin zenuten topo? 

ZABALZA: Bada, kontua da oraindik Baigorrin ginenean ikusi genuela txupinazoa.

Telebistan?

ZABALZA: Mugikorrarekin. Iruñeko guztiak eta Nafarroako besteren bat bildu ginen, denok elkarrekin ikusteko. Gero bai, Iruñera etorri ginen, Ermitagañara eraman gintuzten zuzenean, eta su artifizialak ikustera ekarri gintuzten gero. 

SANTAFE: Eta hori sorpresa modura antolatu ziguten, gainera.

Astebete da espedizioa abiatu zenutela. Zer moduz?

ZABALZA: Oso ongi; jendea oso jatorra da. Aldi berean, lehenengo aste hau pixka bat gogorra ere bada, bukaera urrun ikusten delako, eta badakigulako luze egonen garela etxetik kanpo. Halere, ohitzea da kontua, eta horretan ere hasia naiz dagoeneko.

SANTAFE: Esana digute uztailaren 7a pasatu eta gero dena pasatzen dela azkarrago. 

Mingainak askeago dira orain? 

SANTAFE: Bai. 07:00etatik ari gara euskaraz, eta hori nik egunerokoan ezin izaten dut egin; aita ez da euskalduna, eta lagunartean ere, ez pentsa, ez dugu egiten. Eskertzen dut aukera.

Eta, sanferminetan, bada aski espazio festa euskaraz egiteko? 

ZABALZA: Uste dut badaudela espazioak euskaraz aritzeko modukoak —Oinez txokoa da bat, jakina—, baina, beste batzuetan, edo baita orokorrean ere, ez da euskara askorik aditzen.

SANTAFE: Ez dakit, ematen du euskara ez dagoela boladan. Eta, kontzertuei begira ere, euskarazko batzuk badaude, baina ez dakit nahikoa ote diren.

Igaroko da hilabetea, eta esanen diezue guztiek agur elkarri, baina litekeena da harreman batzuek hemendik aurrera ere indartsu irautea. Anfitrioi gisa aritu eta festetara gonbidatuko duzue Euskarabenturan eginiko lagunik? Nahi zenukete?

SANTAFE: Dagoeneko hitz egin dugu horretaz, eta esan dugu hemengoak ez direnak ere etor litezkeela datorren urtean. Duda dugu, halere, nola egiten ahalko dugun: ohartu gara segun nondik etortzea den asmoa zail dagoela garraiobide egokia topatzea. 

Zuei ere piztua zaizue besteren baten sorterrira joateko gogoa?

ZABALZA: Bai. Eta hau aipatu dugu: espedizioa bukatu eta joanen garela batzuen eta besteen herriko festetara. Ikusten da ideia behintzat badugula buruan. 

«Uste nuen Euskal Herrian, behintzat Nafarroatik kanpo, euskarak bizi duen egoera askoz hobea zela, baina ikusi dut kontua hain ongi ere ez dagoela; are gehiago animatu naiz euskararen aldeko borrokan aritzera»

JUNE SANTAFE Euskarabenturako partaidea

Orain arte, zer iruditu zaizue ederrena espedizioan? 

SANTAFE: Bestelako errealitateak ezagutzeko aukera. Nik, adibidez, uste nuen Euskal Herrian, behintzat Nafarroatik kanpo, euskarak bizi duen egoera askoz hobea zela, baina ikusi dut kontua hain ongi ere ez dagoela. Horrelakoen berri izateak are gehiago animatu nau euskararen aldeko borrokan aritzera. 

Zeren berri izan duzu, adibidez?

SANTAFE: Adibidez, atzo eginiko jarduera batean, jakin nuen Arabako lurretan badagoela herri bat Burgosko [Espainia] administraziopean, eta zailtasun handiak izaten dituztela eskolak euskaraz emateko. 

ZABALZA: Ni, adibidez, bereziki hunkitu nau Iparraldeko kide batek kontatu duena: haren sorterrian euskara ez dagoela batere onartua sozialki, euskaldunak bigarren mailakotzat dauzkatela. Horiei guztiei buruz ez nekien askorik lehen; orain bai, zorionez. 

LOTSABAKO

Txupinazoa ikusteko toki bat?
ZABALZA: Aiton-amonen etxea. SANTAFE: Nik ere familiarekin.

Zer duzue zapian brodatua?
ZABALZA: 
Dugunaren ikurra. SANTAFE: San Fermin.

Euskalki kutun bat?
SANTAFE:
Iparraldekoak. ZABALZA: Gipuzkera.