NAK Nafarroako Musika Garaikidearen Jaialdiak programazio berean jaso ditu Virginia Woolfen gela, Valentzian (Herrialde Katalanak) tanta hotzak xehatutako piano bat eta Palestinari so egiteko dozenaka begirada. Antolatzaileek ez dute alferrik nabarmendu Iruñean sustraitutako festibalak aurtengoa duela inoizko aldirik «politikoena, ekintzaileena eta konprometituena», eta hori agerian gelditu da gaur Kondestablearen jauregian eginiko aurkezpenean ere, programazioa aletu eta jarduera bakoitzaren mamiari buruzko azalpen gutxi batzuk aireratu ahala azaleratu baitute zein den guztiak elkarrekin lotzen dituen haria: gogoeta politikorako, kontzientzia soziala hauspotzeko eta irudimen kritikoa sustatzeko abagunea eman nahi dute haietan guztietan. Horregatik Woolf. Horregatik Gaza.
Gaur zortzi hasiko da aurtengo festibala, irailaren 1ean, eta 12ra bitarte iraunen du. Hamazazpi jarduera antolatu dituzte, Iruñean izanen dira guztiak —sei egoitzatan banatuta—, eta, nahiz eta bakar batean ere ez den faltako musika garaikideari loturiko elementurik edo keinurik, aurten ere «harago» eraman dute egitaraua, jaialdiaren zuzendari artistiko Yolanda Camposek aurkezpenean nabarmendu duenez. Noraino? Bidetzat zein helmugatzat «utopiak» dauzkatela azpimarratu du Camposek, irmo. Nak Utopia izenez aurkeztu dute jaialdia, justuki.
NAKen antolatzaileen, babesleen eta instituzioetako ordezkarien argazkia, gaur. J. MANTEROLA / FOKU
Angela Davisen, Eduardo Galeanoren eta are Maria Zambranoren zenbait gogoeta gogora ekarriz aurkeztu du zuzendari artistikoak jaialdiaren aurtengo funtsa. Izan ere, oroitu duenez, nork bere modura eginagatik, hirurek nabarmendu zuten utopiaren potentzia, eta defendatu zuten «saiatzeak» ere bere horretan duela balioa. Camposen esanetan, munduan gaur egun nagusi den egoera geopolitiko «lazgarriak» eta, oro har, «injustizien larriagotzeak» ezinbestean hurbilarazi ditu NAKeko kideak gogoeta horietara —«Nola ez ba, gainera datorkigun guztiarekin»—, eta zuzenean lotu dituzte ideiok artearekin, musikarekin.
«Arteak aukera eman diezaguke elkarri entzuteko eta elkarrizketak izateko, eta, batez ere, erresistentziarako guneak eraikitzeko eta aktibismoa sustatzeko»
YOLANDA CAMPOS NAKen zuzendari artistikoa
«Arteak eman diezaguke aukera elkarri entzuteko eta elkarren arteko elkarrizketak izateko, eta, batez ere, erresistentziarako guneak eraikitzeko eta aktibismoa sustatzeko. Jatorriz, sorkuntza artistikoa komunitarioa zen, erritu partekatu bat, eta, besteak beste, boteregune batzuei kontra egiteko tresna politiko bat ere izan zitekeen bere hartan». Eta, hain zuzen, potentzialtasun horrekin lotu ditu Camposek aurten festibalaren gerizpean programatutako guztiak: kontzertuak, solasaldiak eta tailerrak.
Tokiko soinuak eta Gazakoak
Irailaren 1ean, Camposen beraren eta Bingen Amadoz kazetari eta idazlearen arteko solasaldi batekin zabalduko du egitaraua festibalak. 19:00etan izanen da hori, Civican aretoan, eta aurtengo edizioaren bizkarrezur diren gogoetetan arakatuko dute, besteak beste.
Hitzaldi horren segidan, Sonidos esperimentales para Gaza izeneko podcasta grabatuko dute Civicanen bertan, 20:00etan hasita eta Sergio Sanchezek gidatuta —NAKen aurtengo aldiko artista egoiliarra da—, eta, ondotik, 20:30 inguruan, Sanchezek berak Resonancias de resistencia soinu instalazioa aurkeztuko du. Jaialdian Palestinako genozidioari eta palestinarren erresistentziari eman nahi dioten tartearen erakusgarri dira bi jarduerok, hain justu ere. Apustu horren aldeko aldarria egin du Camposek aurkezpenean: «Ezin diogu Palestinari buruz hitz egiteari utzi».
Biharamunean izanen du segida programazioak, hilaren 2an. Nafarroako Orkestra Sinfonikoak kontzertua emanen du Iruñeko kontserbatorioan. Bederatzi urtez NAKen programaziotik aparte izan ondoan itzuli da orkestra jaialdira. Kontserbatorioko lau ikasleren obren estreinaldiak jasoko dituzte errepertorioan: Jorge Carabias, Mikel Arbete, Arkaitz Galan eta Inar Lezaun.
Zenbat musika obra estreinatuko diren aurtengo jaialdian. Munduko hamahiru estreinaldi bilduko ditu aurtengo programazioak, eta, bestalde, Nafarroan aurrenekoz erakutsiko dira beste hamabi ere.
Irailaren 12ra bitarte izanen diren kontzertuen artean dira, besteak beste, David Johnstone musikariaren Ignominia emanaldia, Bjort Runars eta Tomomi Kubo artistek musika tresna «ezohikoekin» —hala nola ondes martenot-a, pedalekiko biolontxeloa eta sintetizatzaileak— sorturiko Utopírica kontzertua, eta Belanish Moreno-Gilen Ensayo para una mesa futura. Moreno-Gil ere egoiliar izan da NAKen aurten, eta estreinakoz erakutsiko ditu aurten konposatutako bi pieza.
Esperimentazioari atea zabalik
Paula Pinerok batetik eta Nestor Calderer eta Edu Comelles bikote artistikoak bestetik jaialdian erakutsiko dituzten emanaldiak ere nabarmendu dituzte antolatzaileek. Pinerok Una habitación propia emanaldia eginen du, Virginia Woolfen Gela bat norberarena obrari tiraka, preseski, performancea, inprobisazio musikala eta elektroakustika uztartzen dituen proposamen batekin. aldererrek eta Comellesek, berriz, gogora ekarriko dute 2024ko udazkenean Valentzian hondamena eragin zuen tanta hotza. Lanak hau du ardatz: tanta hotzak guztiz xehaturik eta «itota» utzi zuen piano bat hartu, eta «bizirik» eta egoera bikainean dagoen beste piano batekin jarriko dute hura elkarrizketan.
Eta izanen da kontzertu gehiago ere. NAKen webgunean dago egitarau osoa ikusgai, eta atari horretan eros daitezke ordainpekoak diren emanaldietarako sarrerak. Bestalde, hor dago jasoa kontzertuez bestelako jarduerei buruzko informazioa ere. Halako franko baitaude programaturik, izatez: besteak beste, Benelish Moreno-Gilek hitzaldia emanen du irailaren 3an, Ignacio Fernandez Galindok lagunduta; David Aranazek El arbolóphono haurrentzako soinu instalazio aurkeztuko du, eta Javier Ucar Amsia soinu artistak sintetizatzaile modularrak eraikitzen irakatsiko die Donapea lanbide heziketako ikastetxea ikasleei —irailaren 9an eta 10ean izanen da hori—.
Mezenas bila ari da nak
NAK jaialdiaren ekonomiari buruzko ohar bat ere plazaratu dute aurtengo aldiaren aurkezpenean. Aitortu dute festibalak ez duela egoera ekonomiko samurra, eta, estualdiak bultzatuta, mezenasgoak bilatzeari ekin diote. Herritarrei zein enpresa edo erakundeei zuzendutako kanpaina bat jarri dute abian horretarako, eta dohaintzak egiteko aukera ugari zabaldu. Webgunean dago informazio osoa. Campos: «Elkartasunera deitu nahi dugu, egia zera baita: inoiz baino gehiago behar zaituztegu aldi hau aurrera eramateko».
