Jose Maria Jimeno Jurio historialari eta etnografoa 1970eko hamarkadan jaitsi zen lehen aldiz Otsoportilloko leizera (Urbasa). Han, burezur eta giza arrasto ugari ikusi zituen bata bestearen gainean pilatuta. Baita, hezurren artean, linternaren argitara dir-dir egiten zuen zerbait ere: metalezko mahuka-biki pare bat. J.O. inizialak zituzten grabatuak, eta, horri esker, ikerlari nafarrak ondorioztatu zuen Julian Ortiz de Lazkano arabarrarenak izan zitezkeela. 1936ko irailean, estatu kolpea eman berritan atxilotu zuten faxistek Ortiz de Lazkano. Epaiketarik gabe eta inori abisurik eman gabe, Otsoportilloraino eraman eta bertan hil zuten, beste hainbat errepublikazale, sozialista, anarkista eta abertzalerekin egin bezala, «erregimenari atxikimendurik eza» leporatuta. Jimeno Juriok haren familiari entregatu zizkion mahuka-bikiak, eta horri esker, gertatutakoa argitu eta gorpuzki horiek —eta beste hainbat pertsonarenak— identifikatu ahal izan zituzten hurrengo urteetan. Frankismoko krimenak ikertzea balentria zen garaian, leize sakon eta ilun hartan topatutako objektuek lagundu zuten bidea argitzen.
Erlazionatuta
Gerra garaian Nafarroako kartzeletan eta atxilotze guneetan atxikitako presoek gauza gutxi eraman ohi zituzten soinean. Egunean baliagarri zitzaiena baino ez: arkatz bat, orrazi bat, txiskero bat, hortzetako eskuila… Baita uneren batean funtzionatzeari utzi zion erloju bat ere. Bide bazterretan eta hobietan aurkitu izan dituzte halakoak. Fusilatuek, edo haien hiltzaileek, exekuzioen eta ehorzketa kolektiboen garaian gainean zeramatzaten objektuak dira. Elementu horietako bakoitzak istorio bat kontatzen du, eta denen artean, historia bat osatzen dute, puzzle baten piezak balira bezala: 1936an Nafarroan gertatutako garbiketa politiko eta ideologikoaren historia. Hori dena ikusgai jarri nahi izan dute Nafarroako Memoriaren Institutuak eta Aranzadi zientzia elkarteak, Rozalejoren jauregian zabaldu berri duten Objektuen memoria erakusketan.
Otsoportilloko leizean topatutako erloju bat, erakusketan ikusgai. I. ZABALETA / FOKU
Krimen frankisten panoramika bat eskaintzeaz harago, ordea, Nafarroako Gobernuak memoria historikoaren esparruan azken hamar urteotan eginiko urratsak ere biltzen ditu Rozalejoren jauregiko erakusketak. Izan ere, kolpe militarrak 300 bat hobi komun utzi zituen Nafarroan, eta horietan guztietan prospekzio eta desobiratze ugari egin dituzte hamarkada honetan, urteetako isiltasuna urratzeko xedez. Neurri batean, beraz, ibilitako bidearen eta eginiko lanaren gorespena ere bada erakusketa. Elkarte memorialistek, ikerlariek, udal batzuek eta, 2015etik aurrera, gobernuak elkarlanean eginiko lan baten aitortza.
Senideen eskutik
Datua ezaguna da dagoeneko: frankismoak 3.555 lagun hil zituen Nafarroan —falangistek, guardia zibilek, militarrek edo erreketeek erailak—. Objektuen memoria erakusketan, baina, ñabardurak eta xehetasunak gehitu dizkiete datu horiei. Besteak beste, bertan azaldua dago krimen gehienak (%85) 1936ko uztailetik abendura bitartean gertatu zirela. Eta, normalean, inguruko herrietako bizilagunak arduratzen zirela gorpuei lur emateaz. Askotan, behartuta: «Lurperatze klandestino horiek, beldurra eta izua zirela medio, ez ziren ezagutzera ematen, eta, horrenbestez, hobi asko ahaztuta geratu ziren», azaldu zuten erakusketaren arduradunek, inaugurazioan.
Hobietan topatutako pistola bat, eskuburdinak eta balak. I. ZABALETA / FOKU
Familiek eta bizilagunek egin zituzten gorpuak berreskuratzeko lehen ahaleginak, frankismo betean. 1978tik aurrera, batez ere. 2005. urte inguruan, elkarte memorialistak arduratu ziren hobiak topatzeaz eta gorpuzkiak identifikatzea; 2015ean, azkenik, Nafarroako Gobernuak hartu zuen lekukoa: elkarlana sustatu zuen Aranzadirekin eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin memoria historikoaren esparruan landa lana egiteko; prospekzioak egin zituzten dozenaka herritan; eta DNA banku bat ere sortu zuten, familiek emaniko lagin genetikoetatik abiatuta, arrastoak identifikatzeko. Ordutik, 164 pertsonaren gorpuzkiak atera dituzte lurpetik, eta horietatik 53 identifikatu ahal izan dituzte. Horien historia kontatzen dute leizeetatik edo ezpondetatik ateratako objektuek.
