I+G+B eskumenaren transferentzia adostu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek

I+G+B eskumenaren transferentzia adostu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek

Nafarroako presidente Maria Txibitek eman du berria: bere gobernuak eta Espainiakoak I+G+B Ikerketa, garapena eta berrikuntza eskumena foru erkidegoaren esku uzteko akordioa itxi dute. «Gure autogobernuarentzat lagungarria da; gure foraltasuna indartzen goaz», zehaztu du Nafarroako presidenteak. 

Txibitek adierazi du «albiste on bat» dela Nafarroarentzat eta nafarrentzat, eta harro agertu da eskumenak autogobernua handitzen lagunduko duelako: «I+G+B eskumenarekin, arlo horretan dugun erabakitzeko gaitasuna handituko dugu. Uste dut Nafarroa lan on bat egiten ari zela arlo horretan, eta honek aurrera segitzen lagunduko digu, anbizio handiagoa izaten». Izan ere, gogoratu du Nafarroa «lurralde berritzaile indartsu bat» dela, eta barne produktu gordinaren %2,34 inbertitzen duela alor horretan.

Nafarroako Parlamentuko bilkurara sartu aurretik egindako adierazpenetan, lehendakariak ez du xehetasun gehiago eman. Javier Remirez presidenteordea eta Juan Luis Garcia Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitalerako kontseilaria aritu dira Madrilekin negoziatzen, eta haiek azalduko dituzte itunaren nondik norakoak, prentsaurreko batean. Halere, lehendakariak aurreratu du hurrengo egunetan elkartuko dela transferentzien inguruko batzordea, adostutakoa betetzeko «aurreikusitako pausoak» emateko asmoz.

Geroa Bai izan da Txibiteren hitzei erantzuten lehena. Pablo Azkona eledunak «positibotzat» jo du akordioa: «Ona da Nafarroako Foru Erkidegoarentzat eskumenak lortzearekin lotuta dagoen oro». Gogoratu du eskumen aldaketa hori Nafarroako Gobernuaren gobernu programan jasota zegoela, eta gehitu du alderdia mahaian egongo dela, transferentzien batzordean «letra txikia eta akordioaren osotasuna» balioztatzeko. 

PP eta Guardia Zibila

Kazetariek galdetuta, trafiko eskumenaren transferentziaz ere aritu da Txibite. Izan ere, Nafarroako PPko kudeaketa batzordeko presidente Sergio Sayasek oraintsu adierazi du Alderdi Popularrak xede duela Guardia Zibilak lan horiei eustea Nafarroan. Txibitek, baina, erantzun du bere esku dagoena egingo duela Nafarroako Gobernuarena den eskumena babesteko: «Francok kendu zigun, eta bi araudi aldaketa egin behar izan ditugu Nafarroak berriz ere eskumen horiek izateko».

Horiek hala, PPk eta UPNk azaroaren 29ko bozetara batera aurkezteko sinatu duten akordioa gogora ekarrita, Txibitek adierazi du alderdi erregionalistari galdetu behar zaiola ea zer iruditzen zaizkion Sayasen hitzak. Izan ere, UPNk ohar batean adierazi zuen autogobernuaren defentsan aritzeko konpromisoa azaldu dutela bi aldeek. Txibiteren hitzetan, baina, kontrako norabidean doa Sayas. «Zein da UPNren jarrera horren aurrean?».

Legealdi honetan eskualdatu dituzten hiru eskumenetatik bi dira trafikoarena eta gaur adostutakoa. Bestea AP-68 errepidearen kudeaketari lotutakoa da. Txibiteren lehen agintaldian, berriz, espetxeetako osasun sistema eta bizitzeko gutxieneko diru sarreren kudeaketa eskualdatzea adostu zuten. Era berean, bi aldeak negoziazio mahaian daude; besteak beste, unibertsitate beken kudeaketari eta lan ikuskaritzari dagozkien eskumenen gaineko elkarrizketak martxan dituzte.