Ezustekorik ez: UPNk osoko zuzenketa aurkeztu dio Nafarroako Gobernuaren aurrekontu proiektuari. Erregionalistek argudiatu dute aurreko urteetako «akatsak» errepikatu dituela gobernuak bere proposamenean, baina bide motza dute kexa horiek, Maria Txibite presidentearen taldeak aurreko astean sinatu baitzuen horiek onartzeko akordioa EH Bildurekin. Koalizioa abstenitu egingo da, hamabigarren urtez jarraian aurrekontuei bide emateko.
UPNren arabera, aurrekontuek bide eman behar dute zerbitzu publikoak «herritarrentzat hobekuntza zehatz» bihurtzeko; hala nola, etxebizitzaren, osasungintzaren eta herritarren segurtasunaren auziei erantzunak emateko. Uste dute, baina, gobernuaren proposamena ez doala bide egokian: «Ez da nahikoa gastua handitzea. UPNk uste du beharrezkoa dela aurrekontu norabide berri bat». Hain zuzen, alderdi erregionalistak eskatu du aurrekontuak «konpromiso zehatzekin» lotzeko, osasungintzako itxaron zerrendei eta asistentziari, zaintza arloko prestazioei zein hezkuntza arloari dagokienez.
Etxebizitzaren auziari dagokionez, berriz, gogor mintzatu da UPN. «Porrot» gisa definitu ditu gobernuaren politikak, eta aurrekontuetan ezarritako ildoa aldatzeko exijitu du: «Etxebizitzak erosiz ondasun publikoa handitzea erabilgarria izan daiteke, baina ez du zertan orotara eskaintza handitu». Hala, uste dute erantzuna dela babestutako etxebizitza gehiago eraikitzea.
Alor ekonomikoan, «estrategia iraunkor» bat eskatu du, inbertsioak horien «baliagarritasunaren» eta «emaitzen» arabera aukeratu behar direla argudiatuta. «Industriak, autonomoek, merkataritzak eta nekazaritzako elikagaien sektoreak egonkortasuna, bizitasun administratiboa eta kalitatezko enplegua behar dituzte». Era berean, «kontrol exijenteagoak» eta argitasuna ere eskatu dituzte kontratazio publikoetarako eta obren exekuziorako.
Halere, gobernuak bermatuta du Nafarroako Parlamentuaren babesa. Gobernuko alderdiek 21 eserleku dituzte eta, EH Bilduko bederatzi ordezkarien abstentzioarekin, gehiengo soila dute; UPNk, PPk eta Voxek hogei eserleku dituzte. Urrian aurkeztu zuen lege proiektua gobernuak. 7.285 milioi euroren proposamena da, aurtengoa baino %8,1 handiagoa.
