Eraso homofoboa Iruñean: atxilotu bat, bikote bati ukabildakada oldartu eta haietako bat konorterik gabe uzteagatik

Eraso homofoboa Iruñean: atxilotu bat, bikote bati ukabildakada oldartu eta haietako bat konorterik gabe uzteagatik

Iruñeko Udaltzaingoak gizon bat atxilotu du Iruñean eta beste biren bila ari da, eraso homofobo larri batekin lotura dutelakoan. Larunbat goizaldean gertatu zen erasoa, Tejeria eta Estafeta kaleen arteko kantoian. Biktimak, mutil bikote bat eta 19 urteko emakumezko bat, solasean ari ziren txoko horretan. 03:30 aldera, hiru gizonezko gerturatu zitzaizkien, afaltzeko toki batez galdezka, eta argibideak eman ostean, erasotzaileetako batek zera aurpegiratu zien: «Zuek zer zarete, marikoiak ala?». Hori esanda, ukabilkadaka oldartu zitzaizkien, eta mutiletako bat konorterik gabe utzi zuten.

Horren ostean, erasotzaileek Zezen plazarantz ihes egin zuten, eta emakumezkoak Iruñeko Udaltzaingoari hots egin zion. Polizia erasoa gertatu zen tokira bertaratu zen, eta San Martin osasun zentroko larrialdietaraino lagundu zieten bi zaurituei: konorterik gabe zegoen mutilak traumatismoa zuen buruan, eta besteak, berriz, sudurra hautsita zuen.

Udaltzaingoak 20 urteko gizonezko bat atxilotu zuen larunbat goizaldean bertan, erasotzaileetako bat zelakoan, eta beste bien bila ari da orain. Hasiera batean, lesio delitu bat egotzi zioten atxilotuari, baina biktimei deklarazioa hartu ostean, salaketa zabaldu dute eta gorroto delitu bat ere leporatu diote.

Erakundeen erantzuna

Eraso LGTBIfoboaren berri izan eta berehala, adierazpen instituzionalak onartu dituzte hala Nafarroako Gobernuak nola Iruñeko Udalak. Maria Txibiteren exekutiboak «erabateko arbuioa» adierazi du, eta «elkartasuna eta babesa» helarazi die biktimei.

«Norberaren sexu joera, sexu identitatea edo genero adierazpena jomugan duten indarkeria, bazterketa eta intolerantzia adierazpen oro txarresten ditugu», adierazi du gobernuak, agirian. Horrez gain, konpromisoa agertu du «LGTBI+ pertsonen berdintasun erreala eta efektiboa bermatuko duten politika publikoak» sustatzeko eta, era berean, «gorroto delituen eta indarkerien aurkako erantzuna, arta integrala eta prebentzioa indartzeko».

[articles:2164441]

Iruñeko Udalbatza osatzen duten taldeek ere aho batez onartu zuten erasoaren aurkako adierazpena. «Arbuio eta haserre erabatekoa» nabarmendu dute taldeek agirian, eta babesa adierazi diete erasoak izan diren gazteei. «Gure hirian gertatzen den eraso lgtbifobiko ororen aurkako gaitzespenean bat egiten dugu, eta konprometitzen gara halakoak errotik erauztera eta pertsona guztien sexu eta genero askatasuna bermatzera».

Azkenik, herritarrei dei egin diete «sexu eta genero askatasunaren kontrako edozein indarkeria motaren aurka, era aktiboan» aritzera: «Pertsona guztiek eskubidea dute beren harremanen, gorputzen eta sexualitatearen gainean erabakitzeko».