Ostegun honetan eginen dute Ilustrazioaren Eguna, Iruñean

Ostegun honetan eginen dute Ilustrazioaren Eguna, Iruñean

Euskal Irudigileak elkarteak bigarrenez antolatu du Ilustrazioaren Eguna, eta ostegun honetan eginen dute, azaroaren 12an, eta Iruñean oraingoan. Iaz bezala, behinik behin bi helburu nahi lituzkete erdietsi egitarau horrekin; funtziona dezala aldarrikapen gisara, baina baita gonbidapen modura ere. Hori nabarmendu du, batik bat, elkarteko Joseba Beramendi Exprai-k. «Nahi genuke honek guztiak gure lanbidearen balioa aldarrika dezan, batetik, eta, bestetik, jendea senti dadin gure mundu jostagarri honek erakarria; ilustrazioa izan baitaiteke premia bati erantzuteko tresna bat, baina baita pultsio indartsu bat ere, eta gozabide ere bai». Tailer bat, solasaldi bat eta mural pintaketa bat antolatu dituzte ostegunerako. Bestalde, Iruñeko mugetatik kanpo egitekoak diren dozenaka jarduera biltzen dituen egitarau zabalago bati ere emanen diote hasiera orduan.  

Kondestablearen jauregian eginen dituzte Ilustrazioaren Eguneko jarduera guztiak, eta han bertan egin dute aurkezpena ere. Exprai-z gain, Concha Pasamar ilustratzailea ere mintzatu da agerraldian, bai eta Iruñeko Udaleko Kultura zuzendari Iñigo Gomez eta Tiza elkarteko Javier Perez ere. Bi erakunde horien babesa ere badu jardunaldiak.

«Nahi genuke honek guztiak gure lanbidearen balioa aldarrika dezan, batetik, eta, bestetik, jendea senti dadin gure mundu jostagarri honek erakarria»

JOSEBA BERAMENDI ‘EXPRAI’Artista

17:00etan, Andrea Ganuza artistak fanzine autobiografikoei buruzko tailer bat gidatuko du. 19:00etan, Bidaia izeneko mahai inguru batean hizketan ariko dira Pasamar bera, Miren Asiain Lora eta Mikel Santos Belatz; ilustratzaileen jardunean mugimenduak eta bidaiek joka dezaketen rola izanen dute mintzagai horretan. 

Horietaz gainera, asmoa da mural kolektibo bat osatzea ostegun arratsaldean Kondestablean bilduko diren herritarren eta gonbidatuen ekarpenekin. Ordea, ez dute egun horretan bertan bukatutzat emateko asmorik. Tiza elkarteko ordezkari Perezek ohartarazi duenez, mihisea Bilbora eramanen dute biharamunean, eta han segituko dute herritarrek hura zirrimarratzen eta apaintzen.

Aitzindariei omen

Aurkezpenean jardun diren hizlarien atzean, Maite Rosende artistak eginiko kartela bistaratu dute hasieran, eta aire klasikoko bi emakumeren erretratuek ordezkatu dute hura ondotik. Berehala argitu dute zein ziren andreok: Helene eta Blanche Feillet ahizpak ziren, bai irudi batekoak bai eta bestekoak ere. Eta badu zentzua, haiei eskainiko baitiete Ilustrazioaren Eguna bera. 

XIX. mendeko bi artista dira Feillet ahizpak; 1812an jaio zen bata, eta 1815ean bestea. Parisen sortu ziren bi-biak, baina Baiona izan zuten bizitoki 1834az geroztik, eta batik bat han zirela garatu zuten beren obra artistikoa, zeina, Pasamarren arabera, «bide urratzailea» izan zen. «Haiek segur aski ez zuten horren kontzientziarik, baina ukaezina da ordura arte andre gutxik ibilitako bideetan aritu zirela Feillet ahizpak».

«Haiek segur aski ez zuten horren kontzientziarik, baina ukaezina da ordura arte andre gutxik ibilitako bideetan aritu zirela Feillet ahizpak»

CONCHA PASAMARArtista

Tradizio artistikoko familia batekoak ziren —haien aita Pierres Jacques Feillet Baionako arte akademiako zuzendaria zen—; batez ere horrek eman zien abantaila garai bereko beste emakumeen aldean. Ibilbidearen hasieran, askotariko bidaietan eginiko marrazki eta pinturengatik lortu zuten sona bi ahizpek —akuarelak eta litografiak egin zituzten, besteak beste—, eta izen handiko autoreen enkarguz ere egin zituzten zenbait lan; Jose Esproncedaren La canción del pirata (1835) Helene Feilletek ilustratu zuen, adibidez. 

Pasamarrek iradoki duenez, Feillet ahizpek ez dute merezi adina arreta bereganatu Euskal Herrian, eta horri kontrapisua jartzeko balioko du, hortaz, orain eginen dieten omenaldiak.

Feillet ahizpen bizi ibilbideak jasotzen dituen biografia ilustratu bat ondu dute —Maite Rosendek, Amaia Hennebuttek, Sara Morantek, Maite Gurrutxagak eta Iñaki Landak parte hartu dute—, eta Euskal Irudigileak elkartearen ekimenez datozen asteotan eginen diren jardueretan banatuko diete herritarrei. Izan ere, programazioa hasi besterik ez da eginen ostegun honetan. Ilustrazioaren mapa aurkeztuko dute orduan. Azaroaren 21era bitarte Euskal Herri osoan barna ilustrazioari buruz eginen diren saioak jaso dituzte mapa batean.