Etxeko zaporea

Etxeko zaporea

Badira leku jakin batera eramaten gaituzten zaporeak. Nahikoa da plater bat probatzea, ia ohartu gabe, haurtzaroko sukalde batera, igandeetako bazkarietara edo familia osoa biltzen zen mahaiaren ingurura itzultzeko. Batzuetan, ez da plater berezirik ere behar. Tortilla bat, dilista batzuk edo norbaitek hainbestetan prestatu duen edozein errezeta izan daiteke, etxeko oroitzapenei lotuta geratu diren horietakoa.

Nik, esaterako, baditut amarekin ezinbestean lotzen ditudan jakiak. Ez hainbeste osagaiengatik edo egiteko moduagatik, baizik eta haien inguruan sortzen den guztiagatik; mahaian elkartzeko unea, bazkalorduko solasaldiak edo etxean egoteak ematen duen lasaitasuna. Agian horregatik, etxetik kanpo jaten ditugunean, plater batzuek ez dute inoiz zapore bera izaten. Errezetatik kanpo geratzen den hori falta zaie.

Gehienetan gauza txikiekin lotzen dugu etxearen ideia. Sartu orduko ezagutzen dugun usain batekin, oharkabean errepikatzen dugun ohitura batekin, jan ote dugun galdetzen digun norbaitekin. Halere, denok ez dugu etxearen ideia bera. Batzuentzat haurtzaroa igaro zuten etxea izango da, beste batzuentzat lagunekin partekatzen duten pisua, bikotekidearekin eraiki duten etxea edo hainbat aldaketaren ondoren aurkitu duten txokoa.

Nola edo hala, oroitzapen horiek, ohitura horiek eta etxean sentiarazten gaituzten une horiek guztiak nonbait gertatzen dira. Sukalde batean prestatzen da janaria, mahai baten inguruan luzatzen dira solasaldiak, eta ate baten atzean aurkitzen dugu eguneroko zaratatik aldentzeko aukera. Etxea ez dira lau horma soilik; barruan gertatzen den guztiak ematen dio benetako esanahia. Baina horma horiek beharrezkoak dira bizitza hori eraikitzeko. Horregatik, etxebizitzaz ari garenean ezin dugu eztabaida metro koadroetara, prezioetara edo kontratuetara mugatu.

Egonkortasunez bizitzeko, norberak bere lekua izateko eta bizitza proiektu bat garatzeko eskubidea bermatu behar da

Asteazken honetan etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrak auzia berriro jarri du erdigunean. Grebak eragin dituen iritzi edo jarrera ezberdinak gorabehera, bada ahaztu ezin dugun oinarrizko ideia bat: bizitzeko leku duin bat izatea ezin da pribilegio bat izan, are gutxiago gutxi batzuen negozio. Oinarrizko beharra da, eta bizitza duin bat izateko ezinbesteko baldintza. Izan ere, etxebizitza bat izatea ez da teilatu bat izatea soilik; bizitza proiektu bat garatzeko, sustraiak egiteko, harremanak eraikitzeko eta eguneroko bizitza egiteko aukera ere bada.

Etxebizitza bat eskuratzeko aukera ezin da egoera ekonomikoaren, zortearen edo bizitzako gorabeheren araberakoa izan. Egonkortasunez bizitzeko, norberak bere lekua izateko eta bizitza proiektu bat garatzeko eskubidea bermatu behar da. Azken batean, etxea izatea ez da soilik bizitzeko toki bat izatea, norberarena sentitzeko espazio bat izatea ere bada. Eta hori da, hain zuzen, inori ukatu behar ez litzaiokeena; etxea eraikitzeko aukera, denborarekin bizipenez, oroitzapenez, usainez eta zaporeez beteko dena.