Datorren urtetik aurrera ibilgailuen ekoizpenean azeleragailua zapaltzeko asmoa du Volkswagenek Landabengo lantokian (Iruñea). Azken hilabeteetan merkaturatu dituen bi modelo elektrikoen ekoizpena handitzeko asmoz, asteburuan txanda bat ezartzea erabaki zuen enpresak, eta horretan lan egiteko mila lagun hiru hilabeteko formakuntza jasotzen ari dira. ELA sindikatuak, ordea, salatu du formakuntza hori kontraturik eta soldatarik jaso gabe egiten ari direla, eta, horrela, VWek lau milioi euro baino gehiago aurreztuko dituela haien kontura.
«Mila pertsona horiek prekaritatea pairatzen dute, eta Nafarroako Volkswagen 3,5 milioi euro aurrezten ari da —kotizazioak kontuan eduki gabe— haiek esplotatzearen kontura», gaitzetsi dute ELAko ordezkariek, agerraldi batean. Gizarte Segurantzaren kotizazioak gehituz gero, aurrezkia lau milioi eurotik gorakoa izango litzateke. Fabrikan indarrean dagoen hitzarmena aintzat hartuta egin dute kalkulu hori; haren arabera, langileen hasierako soldata orduko 11 eurokoa da. Sindikatuaren arabera, formakuntzan dauden horiek ez dute soldatarik jasoko hiru hilabetez, nahiz eta egunean «zortzi orduz lan egin».
Volkswageni ez ezik, egoera horren erantzukizuna Nafarroako Gobernuari eta UGT eta CCOO sindikatuei ere egotzi die. Lehenari dagokionez, ELAk argi adierazi du VWek Maria Txibite presidentearen «babes osoa» duela. Hain zuzen, Txibite berak aurkeztu baitzuen abuztuan Landabenen hastekoa zen prestakuntza prozesua, eta milioi bat euroko diru laguntza eman enpresari. Sindikatuei, berriz, leporatu die behin-behineko kontratuak sei hilabetetik hamabira luzatu zituztela, eta, horrela, «fabrikatzen jarraitzeko, lehian ari diren pertsona prekarioen poltsa handi bat sortu».
Prekaritatea
Sindikatuak salatu du formakuntza jasotzen ari diren langile horiek «prekaritatea» pairatzen dutela. Esaterako, ELAk dio enpresak hitzeman diela «hiru hilabetez doan lan egin ondoren» kontratatu egingo dituztela. «Baina ez dago halako bermerik», nabarmendu du.
«Dozenaka lagunek beste lan batzuk utzi dituzte hiru hilabetez doan lan egiteko eta gero kontratatuko dituzten bermerik gabe»
IGOR PEÑALVERELAren ordezkaria Volkswagenen
Horrez gain, salatu du pertsona horiek lantokian ez dutela armairurik, aldagelarik eta garraiobiderik, eta ezin dutela jantokia zein beste hainbat zerbitzu erabili. «Volkswagenek dio ez direla bere langileak, baina lan egin eta zikindu gainontzeko langileen moduan egiten dute».
ELAren arabera, datorren urtetik aurrera jartzekoak diren asteburuko txandan lan egingo dutenek behin-behineko kontratua izango dute. Horren harira, gogoratu behar da duela gutxi Nafarroako Volkswagenek 93 langileri behin betiko kontratuak egin behar izan zizkiela, Lan Ikuskaritzak haien kontratuetan irregulartasunak atzeman ostean.
«Nafarroako Volkswagenek asteburuko txanda prestatzea lortuko du diru publikoaren bidez», kritikatu du sindikatuak, enpresak horretarako beharrik ez duela argudiatuta. Izan ere, ELAren arabera, Alemaniako multinazionalak 450 milioi eurotik gorako irabaziak izan ditu Landabenen azken sei urteetan, eta gogoratu du hango langileak aldi baterako erregulazioan izan dituela, lantegian auto elektrikoak ekoizteko egin dituzten egokitze lanak amaitu arte.
Izan ere, VW taldeak Alemanian fabrikak ixteko eta milaka langile kaleratzeko asmoa du, baina Nafarroan, berriz, egoera bestelakoa da: Landabengo lantokia ibilgailu elektrikoen produkziora egokitzeko mila milioi eurotik gora inbertitu ditu, ekainean eta irailean aurkeztutako Skoda Epiq eta VW ID Cross modeloen ekoizpena suspertzeko. Aurki hasiko dira negoziatzen 2027ko produkzio kopuruak, baina langile batzordeari helarazitako lehen proposamenaren arabera, datorren urtean ekoizpena 360.000 autora heltzeko asmoa du zuzendaritzak.
