Euskaltzain osoa da Ekaitz Santazilia hizkuntzalaria. Pello Salaburu euskaltzain emeritu bihurtu zen uztailean, 75 urte bete zituenean, eta haren lekua beteko du. Izendapenaren berri lehengo hilean eman zuten, eta gaur Bilboko Euskal Museoan egin den osoko bilkuran egin duten bozketan hautatu dute, gehiengo osoz. Orain, zortzi hilabeteko epea du sarrera hitzaldia prestatzeko. Iruñean sortua da, 1987an; euskararen historia du ikerlerro nagusi, Nafarroakoa bereziki. Euskal testu zahar asko aurkitu eta editatu dituela nabarmendu du gaur Euskaltzaindiak izendapenaren berri emateko atera duen oharrean.
Santazilia 2024ko maiatzaren 31n hautatu zuten euskaltzain urgazle, eta akademiaren aginduz hainbat lan egin ditu ordutik. EHU Euskal Herriko Unibertsitatean egin zituen Euskal Filologia ikasketak, Hizkuntzalaritza masterra ere han egin zuen, eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan Euskal Filologia alorreko irakasle titularra da gaur egun. Hainbat ikerketa taldetan ere ari da lanean. Nafarroako Gobernuaren Fontes Linguae Vasconum aldizkarian zuzendari jardun du orain gutxira arte.
Euskaltzaindiak azaldu duenez, gaur egun 23 euskaltzain osok eta hamalau emerituk osatzen dute akademia.
