Edurne Elizondo
Informazioa nahi dute Pedro Zigaren oinordekoek (Iruñea, 1867-1949); informazioa, zehazki, Zigak 1949. urtean, bere testamentuaren bidez, orduko Nafarroako Diputazioaren esku utzi zuen ondarearen egoerari buruz. Zigak 1898an erosi zuen Bertizko jaurerria; nafarrei eman nahi izan zien, eta, haien izenean, diputazioak jaso zuen, hil eta gero. Hainbat baldintza zehaztu zituen ondarea ematerakoan, halere, eta baldintza horiek zein neurritan betetzen ari diren jakin nahi dute Zigaren ondorengoek. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren erregistroan instantzia aurkeztu dute, administrazioak jaurerria hartu zuenetik egin diren urrats guztien inguruko zehaztasunak jasotzeko asmoz.
Ehizaren ingurukoek sortu dute azken urteotan zalaparta, batez ere. 1984. urtetik, natur parkea da Bertizko jaurerriko lursaila, eta Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuaren esku dago kudeaketa. Isabel Elizalde kontseilaria, da, ondorioz, Bertizko parkeko patronatuko egungo presidentea.
Bere testamentuan Zigak zehaztu zuen ehiza debekatuta egonen zela espazio horretan. Nafarroako Gobernuak, halere, arkuak eta geziak baliatuz basurdeak, orkatzak eta oreinak ehizatzeko baimena eman zuen, 2010. urtean. Orduko gobernuko hainbat kidek ere parte hartu zuten baimen horrek ekarri zituen ehizaldietan. Gurelur talde ekologistak auzitara jo zuen. Fiskalak 2013ko bere idatzian onartu zuen ehizaldiek Nafarroako hainbat lege urratu zituztela; zehazki, faunaren eta haren habitatari buruzkoa, eta arrantza eta ehizari buruzkoa. Hala eta guztiz ere, salaketak ez zuen aurrera egin.
Elizaren esku
Zigak ez zuen seme-alabarik, eta haren ilobak bilakatu ziren haren oinordeko. Zigaren iloben ondorengoetako hainbat dira, orain, gobernura jo dutenak zehaztapen bila. Ehizaren auziak kezka eragin zien, eta ez zuten berri ontzat jo kontua hutsean gelditu izana. Bertze hainbat arlotan ere Zigaren borondatea bazter gelditu dela uste dute, gainera. Bertizen zegoen Zigaren liburutegiarekin, hainbat altzarirekin edo Elizaren esku ziren hainbat lursailarekin gertatu dena argitu nahi dute haren oinordekoek, bertzeak bertze.
Zigak bere testamentuan zehaztu zuen Bertizko jauregiaren erabilera Elizaren esku geldituko zela, baina, betiere, baliabiderik ez zuten apaizentzako egoitza gisa baliatzeko, erretiroa hartzeko orduan. Izan zitezkeen toki arazoei aurre egin nahi izan zien Zigak, gainera, eta apaizen esku utzi zituen Oronozko bertze 29 lursail ere. Bertizko eraikina erabiltzeko zuen eskubidea Nafarroako Gobernuaren esku utzi zuen Artzapezpikutzak, 1982. urtean. Saldu egin zion, zehazki.
Pedro Zigaren oinordekoek informazioa nahi dute 1982ko akordio horrek izan dituen ondorioei buruz, bertzeak bertze. Oro har, 1949. urtetik Zigaren ondarearen inguruan hartutako erabakien berri jaso nahi dute. Instantzia jaso eta gero, hiru hilabeteko epea du Nafarroako Gobernuak, orain, erantzuteko.