Kattalin Barber
Errefuxiatu gehiago hartzeko prest dago Nafarroa. CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeak egoitza zabaldu berri du Nafarroan, eta lan egiteko prest da. Hemendik gutxira, hain zuzen ere, 50 errefuxiaturi etxebizitzak eskaini ahal izanen dizkiete. Joan den astean iritsi ziren lehendabizikoak: Eritreako bost emakume eta bi adingabe daude gurean jada. Bederatzi etxebizitza atondu dituzte, eta 50 lagunentzako tokia izanen da horietan. “Dagoeneko prest ditugu, eta otsailaren erdialderako guztiak etortzea espero dugu”, adierazi du Idoia Onekak, Nafarroako CEAReko koordinatzaileak.
CEAR Nafarroan sortu arte, Gurutze Gorriak bakarrik zuen errefuxiatuak hartzeko eskumena. Orain arte, 106 lagun hartu ditu Nafarroak. Siria, Ukraina, Venezuela, Irak eta Palestinatik etorritako herritarrak dira gehienak. Hemendik aurrera, eta ikusirik oraindik ere ezinbestekoa dela laguntza ematea, gehiago etorriko dira. Joan den urteko azaroan sinatu zuen Nafarroako Gobernuak kolaborazio hitzarmena CEAR erakundearekin, datozen hiru urteotarako. “Espainia oso errefuxiatu gutxi ari da hartzen, eta Nafarroak badu horretarako borondatea”.
Etortzen ari diren pertsonak CEAR elkarteko hamaika profesionalen babesa dute une oro, integrazioa errazteko asmoz. “Erakundeen eta herritarren babesarekin eginen dugu lan. Gerratik eta jazarpenetik ihesean ari direnei bizitza duin bat izatea eskaini nahi diegu. Gure betebeharra da”, aitortu du Onekak. Nafarroak errefuxiatuenganako elkartasuna beti erakutsi duela esan du koordinatzaileak, eta oraingoan ere hala izanen dela uste du.
18 eta 24 hilabete artean irauten du CEARek errefuxiatuentzat eskaintzen duen programak. Hurrenez hurren, harrera, integrazioa eta autonomia bilatzen dira prozesuaren bidez. “Azken helburua autonomia lortzea eta erabakiak beren kabuz hartzea da. Horretarako, poliki-poliki laguntzen diegu egunerokoan”. Eritreatik etorritako taldeko kideekin, adibidez, erroldatzen lagunduko diete, bai eta osasun txartela eskatzen ere. Lehendabiziko urratsak dira horiek, eta helburua da “lasai egotea eta atsedena hartzea”. “Iritsi berriak dira, eta oraindik egokitu behar dute; zama handia dute bizkarrean”, azaldu du Onekak.
Gizarteratzen laguntzeko hizkuntza funtsezkoa dela argi du koordinatzaileak. Horregatik, iritsi bezain pronto, gaztelaniazko eskolak hartzen dituzte iheslariek, eta adingabeak, berriz, eskolatu egiten dituzte.
Hilabete hauetan guztietan laguntza ekonomikoa jasotzen dute errefuxiatuek. Lehenengo sei hilabeteak pasatu eta gero, hala ere, CEARen etxea utzi, eta beste bat alokatu behar dute haiek. Onekaren ustez, arazoak ekarriko ditu horrek. Izan ere, higiezinen agentziek, askotan, ez diete errefuxiatuei etxebizitzarik alokatu nahi, alokairua ordainduko ez duten beldur omen direlako. “Errefuxiatuentzat babesa lortu ahal izatea geroz eta zailagoa da”.
24 hilabete pasatu eta gero, laguntza amaitzen da. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuarekin, plataformekin eta hainbat udalekin arazo horri irtenbidea emateko bilerak egiten hasiko dira. Hilabete horietan iheslariek autonomia lortzen duten galdetuta, “zaila eta bakoitzaren kasuaren arabera” izaten dela aitortu du Onekak. “Ahultasun mailaren arabera, eta hizkuntzaren arabera, askotan, hilabete hauek eskas gelditzen dira”, aitortu du.
Horrez gain, garrantzitsua da batzordearentzat errefuxiatuek poliki-poliki komunitatea sortzea Nafarroan, eta, horretarako, hainbat kolektibo eta elkarterekin harremanetan jarriko dira.
Asilo eskaera egin berri du Eritreako taldeak, baina onartzeko zailtasun ugari daude. Orain dela urte batzuk asilo eskaeren %3 bakarrik onartzen zituen Espainiak; Siriako gerra dela eta, 2015ean eskatzaileen %30ek lortu zuten asilo eskubidea. “Dena den, kopuruak oso baxuak dira oraindik. Eskatzen dutenek jazarpena sufritzen dutela frogatu behar dute, eta hori ez da batere erraza, kasu askotan”. CEARek asilo-eskaera prozesuaren legezkotasuna bermatu ahal izateko lan egiten du. Onekaren esanetan, asilo legea orain dela zazpi urtetik “berrikusten” ari dira. “Aldaketak behar ditu”, nabarmendu du.
Prozesua, “oso mantso”
Errefuxiatuak hartzeko prozesua “oso mantso” doa, eta, horrela jarraitzen badu, Onekak uste du ez dela posible izanen garaiz betetzea Europako Batzordeak ezarritako kokapen kuotak. “Egungo erritmoan, Europako Batasunak 43 urte beharko ditu errefuxiatu guztiak kokatzeko, hain zuzen. Borondate politiko falta handia dago”. Horrez gain, Turkiak eta Europak sinatutako akordioa bertan behera uztea eskatu du iheslariak laguntzeko batzordeak, “Turkia ez baita inolaz ere herrialde segurua”.
Errefuxiatuen krisien aurrean, oraindik “erantzun irmoak” emateko beharraz ohartarazi du Idoia Onekak. “Elkartasuna erakusteaz harago, gure betebeharra da pertsona horiek babestea, eta asilo eskubidea funtsezko giza eskubidea da. Baina Europaren jokabideak ez du batere laguntzen, eta herrialde bakoitzak nahi duena egiten du. Balioen krisia da aurrean duguna, eta luzera joko du”.
Joan den urtean, 5.000 iheslari hil ziren Mediterraneoan: “Erakundeek jarritako zailtasunen ondorio zuzena da”.
Abenduaren amaiaren Grezian Begoña Huarte nafarrak eta Mikel Zuloaga bizkaitarrak egindako desobedientzia zibila baloratu du Onekak, baina ez dator bat bi aktibistek ekintza aurrera eramateko erabilitako “moldeekin”: “Ekintza horren bidez ikusi dugu zein den arazoaren larritasuna. Egia da horrelakoak egiten ez badira badirudiela ez dela ezer egiten, baina bidea ez da egokiena, nire ustez”.