1917. urtera arte Tecenderias izena zuen gaur egun Ansoleaga den kaleak. Izan ere, urte horretan Iruñeko Udalak karrikari Florencio Ansoleagaren izena jartzea erabaki zuen haren omenez, aurreko urtean hil baitzen. Iruñeko arkitektoak bizitoki izan zuen Alde Zaharreko kalea, eta Nafarroako ondasun historiko eta artistikoaren aldeko lanean nabarmendu zen. Kulturaz jantzitako gizona izan zen Ansoleaga. Izen zaharra, Tecenderias, ehuleek jarri zioten. Izan ere, 1100. urte inguruan jantzi fineko ehuleek Iruñeko San Zerningo elizaren inguruko lursailak aukeratu zituzten bizitzeko. Zabala zen Tecenderias auzoa bere garaian, baina txiroa, hainbat historiagilek azpimarratzen dutenez.