Kattalin Barber
Historiaren gordailu da Ibero, eta denboran atzera egiteko aukera ematen du hango burdinolak. Hondatuz joan da, hala ere, urteen poderioz; desagertzeko zorian egon da. Urteak dira Leitza eta Goizueta Nafarroako Gobernuari laguntza eskatzen hasi zirela Ibero zaharberritzeko, baina orain jakinarazi du erakunde horrek 450.000 euroko inbertsioa eginen duela 2017an. “Urteotako lanak eman ditu bere fruituak”, adierazi du, pozik, Mikel Zabaleta Leitzako alkateak.
Nafarroan dagoen Erdi Aroko industrialde bakarra da Ibero, eta historikoki izan zuen garrantzia nabarmendu nahi izan du Zabaletak. Karlos II.aren erregealdian eraiki zuten, XIV. mendean, eta XIX. mende amaierara arte funtzionatu zuen burdinolak. 1536koa da Leitzako udaletxean aurkitutako agiri batzuetan Ibero dorreari buruz egiten den lehen aipamena. Burdinola hidraulikoak, zubi gotikoak eta defentsarako dorreak osatzen dute gune arkitektonikoa. Hainbat gorabehera tarteko, osorik iraun dute gaur egun arte. “Eskualdean garrantzi handia izan zuen burdinolak; ondarea zaindu behar dugu”, azaldu du Zabaletak.
Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko dituen lanekin dorrea bere osotasunean konponduko dute. 2006. urtean teilatua erori zen, eta ordutik eraikinaren egoera “erabat kaskartu” da. Arrailak ditu, eta urak hormak garbitzen ditu. 450.000 euroko inbertsioarekin teilatua konpondu, hormak berritu eta sendotu eginen dituzte. Gainera, Iberoko burdinolaren historia eta ondarearen garrantzia azalduko duten panelak ere jarriko dira dorrean.
Iraganean bezala, etorkizunean ere Ibero “garrantzitsua” izatea gustatuko litzaioke Leitzako alkateari. “Iberoko dorreak eta inguruek ezaugarri bikainak dituzte eskualdearen garapena eta turismo iraunkorra bultzatzeko”. Oraindik goiz da Iberok zer-nolako erabilera izanen duen jakiteko, baina ingurua hutsik ez dela geratuko argitu du Leitzako alkateak. “Ez dugu konponduko bertan proiekturik ez egiteko”. Adierazi duenez, oraindik inguruko jende asko dago bertan zer dagoen ez dakiena, eta burdinola ezagutaraztea funtsezkoa dela deritzo. “Ingurua zaindu, eta Iberoko burdinola Erdi Aroan zer izan zen ezagutarazi behar dugu, aldi berean”.
Bi herrien arteko elkarlana
Goizueta eta Leitza arteko errepidetik ikus daiteke Iberoko burdinola. Leitzako lurretan dago, baina Leitzako herrigunetik 18 kilometrotara. Goizuetatik, berriz, bi kilometrotara dago. Bi herriek historikoki lotura handia izan dute burdinolarekin, eta etorkizunean ere horrela izatea nahi du Zabaletak: “Bi herriok badugu interesa burdinolari eusteko, eta proiektu kultural eta turistikoa bultzatzeko. Gainera, elkarlanean arituta, gehiago lor dezakegu”. Aurrera begira interpretazio zentro gisa edo bisitariei harrera egiteko bestelako gune gisa erabiltzea proposatu du Zabaletak.
Adierazi duenez, bi herriek konpromisoa hartu dute hemendik gutxira Iberon garbitze eta mantentze lanak hasteko. “Lehenengo aldiz, Goizueta eta Leitzako udalak prest gaude bi herrien arteko auzolan talde bat osatzeko, eta, horren bitartez, garbitze eta mantentze lanak egiteko”. Bi herrietako jendea elkartuz eta jai giroan, urtean hiruzpalau egunetan auzolana antolatzea espero du Zabaletak. “Behar handia du inguruak”. Lohiz, sastrakaz eta belar handiz beteta dago. Bestalde, zubi gotikoaren egoera ez da batere ona, eta lehengoratzeko laguntza beharko dutela uste du.
Duela hainbat urtera arte, han bizi ziren maizterrek zaintzen zuten dorrea eta ingurua, baina badira urteak inor ez dela, eta “erabateko gainbeheran” dago egun. “Konturatu ginen zazpi mendetako historia urte oso gutxitan guztiz desegin zitekeela, eta hori saihestu nahi izan dugu”.
Leitzako Udalak 2012an erosi zuen eraikin multzoa, eta hasieratik izan zuen zaharberritzeko eta turismorako lantzeko ideia. “Udalak ez du gaitasunik obra handitan sartzeko, eta, ahalegin guztiak egin arren, ondarea galzorian egon da”. Horregatik, behin baino gehiagotan eskatu dute Leitza eta Goizuetako udalek Ibero ingurua berreskuratzeko laguntza.
Nafarroako Gobernuari egoeraren larritasunaren berri eman zioten, eta, joan den astean, Nafarroako Parlamentuko Kultura, Kirol eta Gazteria Batzordearen bisita jaso zuten. Bisita horretan eraikinen egoera ezagutu zuten, eta ondoren jakinarazi zuen gobernuak dorreko lanak bere gain hartuko dituela. Pozik agertu da Zabaleta: “Aurten dorrea berreraikitzen hasiko direla esan digute”. Abiapuntu gisa hartu ditu Zabaletak gobernuak eginen dituen obrak. “Oraindik gauza asko izanen dira egiteko, baina, behintzat, zerbaiten abiapuntua da”. Aurten hasiko dituzten lanekin eta bi herrien arteko auzolanekin urte gutxiren buruan Ibero “bestelakoa” izanen da. Bide baten hasiera da, eta gutxika hartuko du garai bateko itxura.