Abereekin eta etxean aritzen da Mariana Cunchillos (Iruñea, 1959). Barruan eta kanpoan. Irurozkin du etxea eta lana. Piriniar arrazako 12 behi eta Nafarroa Jaka arrazako 13 zaldi ditu, eta zuzeneko salmenta egiten du ganaduaren haragiarekin. Laboraria ere bada, eta olo eta garagar soroak ereiten ditu. Guztia ekologikoan egiten du, Franco Malucelli bikotekidearekin batera.
Bere lana gustatzen zaio, eta disfrutatzen du ganadua zaintzen. Txikitatik du afizioa, eta 2005. urtetik du ofizio. EHNEko zuzendaritzan dago Cunchillos. “Orain bi emakume gaude zuzendaritzan”, agertu da pozik. Gainera, sindikatuan Ebel izeneko emakume taldea dute. “50 bat emakume inguru biltzen gara bileretan, guztiak abeltzainak eta nekazariak”. Cunchillosek gogora ekarri du duela gutxi egindako argazki erakusketa. 24 emakume baserritarren irudiak biltzen zituen, eta herriz herri ibili zen erakusketa. “Erakusketaren xedea emakumeen lana ikusaraztea zen, oraindik ere pentsatzen dugulako gure lana ezkutatuta dagoela”.
Cunchillosen familia Irurozkikoa da, baina inoiz ez zen bizi Urraulgoitiko herrian. Asteburuetan eta uda garaian joaten ziren. “Oroitzapen oso politak ditut, eta hemen bizi nahi izan dut beti”. 1992. urtean bete zuen bere ametsa. Orduan izan zuten Cunchillosek eta Malucellik baserri munduarekin lehenengo hartu-emana, baina 2005. urtean erabaki zuten ganadua jartzea eta soroak laborez ereitea. Denera, laborantzako 105 hektarea dituzte. Bien artean eta Cunchillosen semearekin banatzen dute baserriko lana. Irurozki herriko bazkalekuetan egoten dira animaliak, eta egunero joaten dira ikustera. Horretaz gain, zuzeneko salmentaz arduratzen da gehienbat Cunchillos.
Argi du Cunchillosek emakumeek nekazaritza eta abeltzaintzan egiten duten lana oso garrantzitsua dela. “Bai orain, eta baita historian ere”. Baina kexatu ere eginda da, baserriko laneko materiala eta tresnak gizonentzat eginak daudelako. “Ganaduarentzako hesiak, ateak eta ganbelak gizonentzat daude pentsatuta, indar handia duten pertsonentzat”. Ezintasuna sentitzen du Cunchillosek ganbela bat ireki nahi duenean eta indarrik ez duela konturatzen denean. “Teknologia oso aurreratua dago, baina oraindik ez dute aurrerapenik egin emakumeentzat hori eskuragarriagoa izateko; bada garaia”.
Tresnak ez dituzte emakumeentzat modernizatu, baina gaur egun emakumeen gaia “guztien ahotan” dagoela dio baserritarrak; ez, ordea, onerako. “Berdintasunaren gaia aldioro entzuten dugu, eta diskriminazio positiboa politikarien ahotan dago. Baina hipokrita hutsak dira. Diskurtsoa apaintzeko baino ez dute erabiltzen, egiatan ezer gutxi egiten dute gugatik”.
Orain, gainera, emakumeentzako diru laguntzarik ez dagoela azaldu du. “Kendu egin dituzte; abeltzain eta nekazarientzako beste diru laguntza asko bezala”. Berak ganadua jarri zuenean, hala ere, ezin izan zuen jaso Nafarroako Gobernuaren diru laguntza, 40 urte baino gehiago zituelako. Dena den, Cunchillosentzat, onena nekazariek eta abeltzainek diru laguntzen beharrik ez izatea litzateke. Lanetik bakarrik bizitzea gustatuko litzaioke Cunchillosi. “Inoren menpe” egon gabe. Krisiak, ordea, zaildu egiten du egoera, eta baserritar asko “arrisku larrian” daudela azaldu du. “Inbertsio handiak egin dituzte, eta, bat-batean, ezin dituzte mantendu”. Horregatik, Cunchillosek uste du haiek abiatutako bidea irtenbidea dela. Zuzenean saltzen diote gertuko jendeari, eta laboreak inguruko abeltzainei saltzen dizkiete. “Gure artean gelditzen da dena”. Proiektu “lokala, hurbila eta solidarioa” da haiek dutena eta bultzatzen dutena. Zuzeneko salmenta eskutik eskurako bide bideragarriena eta fidagarriena dela uste du Cunchillosek. “Nondik etortzen dira kontsumitzen ditugun elikagaiak? Nola ekoizten dituzte?Askotan ez dakigu”.