El Informador atariak jakinarazi duenez, joan den otsailaren 23an Yolanda Barcinak Amancio Ortega enpresariarekin afaldu zuen Zenotzeko zaldiketa klubean. Patxi Mangado arkitektoa eta Carlos Solchaga ekonomi ministro ohia ere bertaratu ziren. Ofizialki, ez da jakin zertaz hitz egin zuten afari horretan, baina diotenez, Barcinak Ortegari eskatu zion Itaroa merkataritza guneko dendak ez ixteko. Izan ere, iturri berberek esaten dute Inditex enpresak —Ortega buru da— La Morea eta Itaroako alokairuak berriz negoziatu nahi dituela bi merkataritza guneetan jarraitzeko. Horretaz gain, aipatu hedabideak aditzera eman du diskrezio osoz jokatu zutela bai Barcinak eta bai Ortegak.