Nafarroako familiek %5,4 murriztu dute gastua krisiagatik

Zailtasun ekonomikoak gero eta ohikoagoak dira egungo gizartean, eta horren adierazle izan liteke Nafarroako gizartea. Izan ere, familia asko izan dira estualdietan zailtasun ekonomikoen eraginez. Horren ondorioz, eguneroko gastua %5,4 murriztu zuten iaz. Krisi ekonomikoa hasi zenetik, alegia, 2008. urteaz geroztik izan den murrizketarik handiena izan zen 2012koa. Batez beste, Nafarroako familia bakoitzak 31.646 euro gastatu zituen iaz, 2011n baino 1.825 euro gutxiago, eta 2008. urtean baino 4.400 euro gutxiago.

Gainera, pertsona askoren soldata murriztu den arren, hainbat zerbitzu garestitu egin dira azken urteetan. 2011. urtearekin alderatuta, etxea berotu, argia piztu eta etxetresna elektrikoak erabiltzeko behar den gutxi gorabeherako aurrekontua antzekoa da egungoa; 1.403 euro ingurukoa, alegia. Baina, 2006an baino 400 euro gehiago ordaintzen da. Hala, Nafarroako familien alor horretako gastua %40 hazi da hamabi urtean.

Beste alde batetik, oinetakoak eta jantziak erosteko bideratzen zen diru saila ere murriztu dute 2012an: %25 oinetakoena eta %20 jantziena. Hala ere, azken urteak kontuan hartuta, murrizketa are handiagoa da, ia %40koa.

Era berean, oporretan ere gero eta diru gutxiago gastatzen dute Nafarroako familiek. Izan ere, etxetik kanpo egiten diren egonaldietarako baliatzen den dirua %15 murriztu dute iazko urtean. Gauza bera gertatzen da autoak erosteko aurrekontuarekin ere. 2006. eta 2007. urteetan gastatzen zenaren herena gastatzen da egun. Hala, auto berria erosteko administrazioak laguntzak martxan jarri dituen arren, inola ere ez da lortu duela sei urte egiten zen gastu mailara iristea.

Erretiratuen diru sarrerak

Erretiratuen soldata diru sarrera bakarra den familien gastua beste familia ereduena baino murritzagoa da. Hala ere, batez beste, krisi ekonomikoa hasi zenetik gastua handitzea lortu duten gizarte eremu bakarra dira. 2007. urtetik, gastua batez beste urtean 3.000 euro handitzea lortu dute. 44 eta 64 urte arteko lagunek osatzen duten sendien artean gero eta gehiago dira gastua murriztea beste aukerarik ez dutenak. Izan ere, gero eta jende gehiago dago langabezian, eta gizartean lanik gabe gelditzeko beldurra areagotzen ari da. Dena den, Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, handitzen ari da erretiratuen soldatatik bizi diren familien zenbatekoa.