La Montañesaren eta Mankomunitatearen auziko epaia berretsi du Gorenak

Lan baldintza hobeak aldarrikatzeko, billabesetako langileek greba egin zuten 2004an, zerbitzua La Montañesa enpresak kudeatzen zuenean. Azkenean, enpresak Iruñerriko Mankomunitatearekin akordio ekonomiko bat erdietsi zuen. Mankomunitateak, baina, ez zuen adostutakoa bete, eta, orduan, La Montañesa enpresak auzitara eraman zuen gaia. 2009an, mankomunitateak 953.500 euroko kalte-ordainak ematea erabaki zuen justiziak. La Montañesak helegitea jarri zuen, eta 3,9 milioi euro eskatu zituen. Orain, Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du helegitea, eta hasierako kalte-ordaina berretsi du. Ez dago helegiterik aurkezteko aukerarik.

Mankomunitateko presidentea, Jose Muñoz, kontent agertu da. Azaldu duenez, mankomunitateak ordaindu du jada epaiak zehaztutako kantitatea. Berez zigorra 953.500 eurokoa den arren, auzibidearen gastuak bere gain hartu behar izan dituzte, eta ia 7.700 euro gehiago eman behar izan dizkiote enpresari. Osotara, 960.000 euro.

Auzi luzea da La Montañesa eta Iruñerriko Mankomunitatearen artekoa. 2005ean eskatu zuen enpresak lehenengo aldiz akordio ekonomikoa betetzea, baina errefusatu egin zuten. Enpresak helegitea aurkeztu zuen, baina auzitegiek ez zuten onartu. 2009an, beste helegite bat aurkeztu, eta auzia beste behin ikertu zuen beste epaitegi batek. Horrek 953.500 euro inguruko ordainketa agindu zuen. La Montañesak diru gehiago eskatu zuen, baina ez dute aintzat hartu.

TCC enpresa ere kexu da

La Montañesa enpresak 2009ra arte kudeatu zuen Iruñerriko autobus zerbitzua. Gaur egun, TCCren esku dago. Bertako enpresa batzordeak salatu du itun kolektiboa bertan behera geratu dela. Orain, soldatak %6 jaits ditzakete, eta 40 orduko lanaldia ezar dezakete. Horrek kaleratzeak eragin ditzake. “Kudeaketa txarra” jo dute egoeraren erantzuletzat.