Gizakia Helbururen zentro berria egiteko lanak geldirik egongo dira aurten ere

Ia zortzi hilabete dira Gizaki Helburu fundazioak Zabaldikan abian jartzekotan zuen komunitate terapia eraikitzeko lanak geldirik daudela. Jakin denez, gutxienez, 2013a amaitu arte ez dira eraikitzen hasiko. Fundazioak aitortu du ez duela droga mendekotasunen bat duten lagunei osatzeko programak eskaintzeko zentroa gauzatzeko dirurik.

Eraikitzeko aukera bakarra Nafarroako Gobernuko Gizarte Politikarako Departamentuak horretarako diru saila bideratzea da. Dena den, Yolanda Barcina buru den gobernuak ez du ziurtatu 2014. urteko aurrekontuetan helburu horrekin dirurik bideratuko dutenik. Fundazioak jakinarazi duenez, gobernuak adierazi die aurten ez dutela Zabaldikako zentroa eraikitzeko dirurik, 2014ko urtarrilerako espero dituzte albiste berriak.

Hala ere, Gizarte Politiko Departamentutik ez dira ausartu heldu den urtean zer gertatuko den esatera. Egoera ekonomikoaren arabera hartuko dituztela erabakiak jakinarazi dute.

Emandako lursaila

Norbanako batek emanda lortu zuen Gizakia Helburu fundazioak Zabaldikako lursaila. Esteribarren eraikitzekotan ziren zentroan, gehienez, drogekin arazoak zituzten 50 lagun artatuko zituztela aurreikusi zuten. Hasieran, 2011n hasi nahi zuten eraikitzen, urte eta erdiren buruan lanean hasi ahal izateko. Aurrekontua lau milioi euro izango zela ere aurreikusi zuten.

Hala ere, Gizakia Helburu fundazioko kideei ez zaie proiektua aurreikusi bezala atera. Gainera, azken hilabeteak bereziki zailak izan dira. Fundazioak berak joan den ekainean onartu zuen krisi ekonomikoak kolokan jarri duela Nafarroan egiten ari diren lana. Izan ere, finantza eta erakunde publikoen diru laguntzak izugarri murriztu dira; kasu batzuetan desagertu ere egin dira. Esaterako, 2012an, 60.400 euroren galerak izan zituzten. Horren isla izan liteke, Tuterako Gizakia Helbururen egoera, duela hilabete batzuk lan erregulazio espedientea onartu baitzuten. Alfonso Arana fundazioko presidenteak berak ekainean adierazi zuen ez dagoela bermatuta proiektuak 2014. urtean jarraituko duen.