Heldu den hilabetean hasiko da Musiketan zikloa

Urrian hasi eta maiatzera arte izango da Musiketan musika jaialdia. Iruñeko Baluarteko Ganbera aretoan emango dituzte kontzertu guztiak. Nazioarteko zortzi talde eta bakarlarik parte hartuko dute aurtengo jaialdian. Musiketan Bilbon jaio zen, 1994an eta, iaz, Iruñean ere hainbat saio egitea pentsatu zuten antolatzaileek. Javier Lakunza Baluarteko zuzendariak dioenez, Musiketan formatu txikiko kontzertuen jaialdia da, eta Baluarten ez dituzte horrelako ikuskizun asko eman.

Jose Angel Serrano Musiketan jaialdiko sustatzaileak, berriz, azaldu du Musiketan jaialdiaren bitartez Nafarroan horren ezagunak ez diren, baina kalitate handikoak diren nazioarteko musikariak ekartzen saiatzen direla.

Musikari eta estilo ugari

Nazioarteko zortzi talde arituko dira Baluarteko Ganbera aretoko agertokian. Lehena Alice Francis abeslari errumaniarra izango da, urriaren 19an. “Francis neo-swing, charlestone eta jazz estiloak nahasten dituen artista ezohikoa da”, azaldu du Serranok.

Dena Derosek, bestalde, azaroaren 29an joko du. 2003. urtean www.allaboutjazz.com webgunean urteko jazz artistarik onena izendatu zuten piano jotzaile eta abeslari estatubatuarra.

Baina artista nagusia Elliot Murphy izango da beste urte batez, iaz Baluarteko Ganbera aretoa bete ostean. Oraingoan, urtarrilaren 17an joko du. New Yorkeko artista beteranoa, mundu osoko rock musikagilerik errespetatuenetarikoa da.