A-21 autobidearen lanen bi herenek ez dute aurrekonturik

Ez dago aurrekonturik Iruñea eta Jaka (Aragoi) lotu behar dituen autobidea, A-21 edo Pirinioetako autobidea, bukatzeko. Nafarroako tartea 2012ko urtarrilean ireki zuten osorik. Baina Aragoiko zatian lanak luzerako doaz. Autobideak 110 kilometro —Nafarroan 50 eta Aragoin 60— izango ditu. Aragoin 12,7 kilometro baino ez daude eginda. Lan horiek Espainiako Sustapen Ministerioaren ardurapean daude. Aurten, 15 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du; horrekin 4 kilometroko bidea egingo dute. Gainerako 44 kilometroek, lanen bi heren baino gehiagok, ez dute aurrekonturik. Nafarroako Gobernua eta Jaka inguruko herrietako alkateak askotan kexatu dira gaiaren inguruan.

Autobidearen proiektua 1990eko hamarkadan hasi zen eta oraindik ia bidearen erdia egiteke dago. Hasiera batean, lanak 2014. urtean bukatuko zirela aurreikusi zuten, baina gaur egun inor ez da ausartzen egun jakin bat jartzen. Aurreikuspen positiboenek 2018a jartzen dute lanen bukaera gisa.

Hainbat arazo izan ditu Pirinioetako autobideak azken urteetan, besteak beste, Espainiako Gobernuaren finantzaketa falta. Adibidez, Laura Albak Nafarroako Herrilan kontseilaria zela 2009an esan zuenez, autobidea garatzeko “zoritxarrekoa” zen Aragoiko zatiaren finantzaketa falta. Uda honetan ireki dute, baina 2010ean bukatu beharrekoa zen Nafarroako muga eta Tiermas (Aragoi) arteko autobide zatia; hor dago autobidearen atzerapenaren beste adibide bat. Tarte horretan lanean zebilen enpresa, hain zuzen, hartzekodunen konkurtsoan sartu zen. Beraz, lanak gelditu, eta beste enpresa bat kontratatu behar izan zuten.

Aurten, Aragoiko zatiko 4 kilometrotan baino ez dituzte martxan jarriko lanak —Zigoze (Aragoi) eta A-1601 errepidea lotzen dituen tartea da hori—. Gainera, tarte horretan kilometro beteko bidezubia egin nahi dute. Esako urtegiaren handitzea saihesteko. Horrez gain, Espainiako Gobernuak ez du inbertsio berririk aurreikusten. Aragoin aurten ireki dute azken tartea, Nafarroako muga eta Tiermas lotzen dituen 4,5 kilometroko zatia da.

Mediterraneora bi bide berri

A-21 autobidea Jakara joateko bide lasterra da. Neguan, bereziki, jende asko joaten da Jaka ingurura eskiatzera. Baina horrez gain, Mediterraneora bide laster berriak irekiko lirateke Nafarroatik.

Pirinioetako autobidea Jakan A-23arekin elkartuko litzateke. Autobide horrek Jaka eta Huesca (Aragoi) lotzen ditu, eta Saguntora arte (Valentzia) jarraitzen du. Horrez gain, Huescatik A-22 autobidea ateratzen da, eta Lleidaraino (Herrialde Katalanak) joan daiteke. Handik A-2 autopista igarotzen da, eta Bartzelonaraino (Herrialde Katalanak) heltzen. Mediterraneora bi bide lasterrekin lotzeko aukera emango luke Pirinioetako autobideak.