Iruñerriko Mankomunitateak autobusetako tarifak igo nahi ditu

Iruñerriko Mankomunitatearen presidentetza heldu den urterako autobusetako tarifak prestatzen ari da. Batez beste, tarifak %1,95 igoko dira, baina alde handia dago billete batzuen eta besteen artean. Hala, erabilpen ugariena duten billeteek izango dituzte igoera baxuenak. Egun, txartelarekin ordaintzen dira bidaien %58,75. Horien prezioa %3,08 igoko da. Hau da, txartelarekin ordaindutako bidaia bakoitza 0,65 eurotik 0,67 eurora igoko litzateke. Billete arruntaren kasuan igoera %3,85 izango da; 1,30 euro zena 1,35 euro kostatuko da. Hala ere, igoera handiena San Fermineko billeteak jasango du: %6,67. Jaietako billetea 1,50 eurotik 1,60 eurora pasako da.

Hala ere, igoera horiek proposamen bat baino ez dira. Datorren hilaren 24an Mankomunitateko batzorde iraunkorrak prezioen taula berriari begiratu bat emango dio. Onartu ostean, 15-20 eguneko tartean, Mankomunitateko batzar orokorrera deituko dute behin betiko erabakia hartzeko.

Iruñerriko Hiri Garraioak 1,94 milioi euroko defizita du. Billeteen prezio igoerak ez du zorra kitatuko. Hori lortzeko, “ezohiko ekarpena” eskatuko die Mankomunitateko presidentetzak udalei. Hala ere, udalek ez dute oraingoz baiezkorik eman. Mankomunitatea osatzen duten udal gehienak nahiko estu baitabiltza aurrekontu aldetik.