TCCk lan erreforma aplikatu nahi duela salatu dute

“Lan hitzarmenaren luzapena haustea Iruñerriko hiri garraioaren, mankomunitatearen eta hiritarren aurkako eraso zuzena da”, horrela mintzatu da Iruñerriko hiri garraioko enpresa batzordea. TCC Transports Ciutat Comtal enpresak kudeatzen du Iruñerriko autobus zerbitzu publikoa. Langile batzordeak salatu du TCCk hautsi egin duela sinatua zuten akordioa. Horren arabera, enpresak azken erreformaren aurreko lan hitzarmena luzatu zien langileei. Enpresak dio autobusen kudeaketa ez dela errentagarria, eta horregatik ituna ez betetzeko klausula erabiliko duela iragarri du.

TCCren arabera, 2013 eta 2014 artean 1,7 milioi euroren galerak izango ditu autobus zerbitzu publikoak. Langileek, ordea, salatu dute enpresak azken urtean hiru milioi euroren irabaziak banatu dituela eta ia milioi bat euroren irabaziak izan dituela. Langileek diote Iruñerriko Mankomunitatearen txosten tekniko, juridiko eta ekonomikoek agerian uzten dutela autobus zerbitzuaren errentagarritasuna. Txosten horien arabera, 2013-2014ko ikasturterako 70.000 euroren irabaziak aurreikusten ditu mankomunitateak, 2015erako 700.000 eurorenak eta 2016rako 1,2 milioi eurorenak.

Kopuruak asko aldatzen dira alde batetik bestera. Horregatik, langileek lan erreforma berria ez aplikatzeko eta hiru aldeko bilera egiteko eskatu dute.