Berako liburuzain postua lortzeko lehiaketa errepikatu beharko dute

Nafarroako Gobernuak Berako liburuzain lanposturako euskara ezagutzarik ez eskatu izana auzitara eraman zuen Berako Udalak. Nafarroako Lurralde Auzitegiak urriaren 29an jakinarazi zuen sententzia. Epailearen arabera, euskara meritu kualifikatu gisa baloratu behar da lanpostua lortzeko oposizio lehiaketan. Horren ondorioz, oposizio lehiaketa errepikatu beharko du gobernuak. Baina euskararen ezagutza ez da derrigorrezkoa izango, Berako Udalak eskatu zuen moduan.

Marisol Taberna Berako alkateak sententziaren balorazio gazi-gozoa egin du: “Gozoa da udalari helegitea jartzeko zilegitasuna aitortu diolako, eta oposizio lehiaketa errepikatzera behartzen duelako gobernua, euskararen ezagutza ez duelako aintzat hartu. Baina gazia da lanpostuari ez diolako derrigorrezko ezagutzarik ezartzen, euskarari meritu izaera baino ez baitio onartzen”. Hala ere, Berako Udalak sententzia baliatu nahi du Nafarroako Gobernuari eskatzeko “euskara Nafarroako berezko hizkuntzatzat aitortu eta hizkuntza eskubideen urraketekin behin betiko buka dezan”.

Sententzia argitaratu ostean, gobernuak hamabost egun ditu helegitea jartzeko. Tabernak gobernuari eskatu dio helegiterik ez jartzeko eta “herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatzeko”.