Tafallako ikastolak hurrengo ikasturtean prest izango du eraikin berria

Tafallako Garces de los Fayos ikastolak bigarren hezkuntzako eraikin berria prest izango du 2014ko irailean. “Prozesu gogorra izan da, bereziki gaur egun dugun egoera zailagatik. Baina pozik gaude, eskualdean euskaraz ikastea abentura den honetan etapa berri bat hastear baikaude”, dio Conrado Medrano gurasoen elkarteko lehendakariak. Hainbat burokrazia eta finantzaketa oztopo gaindituta, urriaren 25ean ikastolako eraikin berriko lehen harria jarri zuten. Eraikin berria udalak emandako 4.645 metro koadroko orubean egingo dute, eta hango kirol azpiegiturak herritarrentzat irekiak egongo dira. Horrela adostu baitzuten ikastolak eta udalak.

Eraikin berrian bigarren hezkuntzako ikasleek ikasiko dute. Baina ikastolako arduradunen helburua batxilergoa irakatsi ahal izatea da, ikasleek batxilergoa euskaraz egiteko Iruñera joan behar ez izateko. Kontxi Aranaz ikastolako lehendakaria Jose Iribas Hezkuntza kontseilariarekin biltzekoa da horri buruz hitz egiteko. Hala ere, Aranazek uste du kostatuko zaiela batxilergoa irakasteko aukera izatea: “Ez da ideia burugabea, baina badakigu zaila izango dela”.

Lehen harria jartzeko ekitaldian ikastolako ikasle eta langileek parte hartu zuten. Hasteko, ikastolako hiru ikaslek aurreskua dantzatu zuten. Horren ostean, DBHko laugarren mailako ikasleek kutxatila batean hainbat oroigarri gorde zituzten, besteak beste, ikasle eta langileek sinatutako zenbait argazki, DBHko hirugarren mailako ikasleek idatzitako bertso bat, 2011ko Nafarroa Oinez-eko aldizkari bat, egun bereko BERRIA egunkariko ale bat, etorkizuneko ikasleentzako eskutitz bat eta hainbat marrazki.