Maria Paz Benito epailearen aginduz, Guardia Zibila bi aldiz izan da Carlos III.a etorbideko egoitza nagusian. Instrukzioari ekin zionean, Caixabanki batzorde iraunkorreko bileren aktak eskatu zizkion, baina Kataluniako taldeak gobernuaren menpeko CAN fundazioari eskatzeko esan zion. Fundazioak, eskaerari entzungor egin, eta ez zion bidali. Hala, martxoaren hasieran Guardia Zibila igorri zuen. Maiatzean, berriz, bilera horietako batzuen aktak manipulatuak egon zitezkeela-eta, Guardia Zibilak egoitza nagusiko zerbitzari informatikoa miatu zuen. Poliziak bere txostenean ondorioztatu zuen akta gehienak bilerak publiko egin zirenean sartu zirela. Kasu batzuetan, manipulazio zantzu argiak zeuden.