Adoptatu zain daude 23 txakur eta zazpi katu Iruñean

Orotara, 23 txakur eta zazpi katu daude egun Iruñeko Animaliak Artatzeko Zentroan. Horien adopzioa sustatzeko asmoz, Eraman nazazu etxera lelopean kanpaina abiatu du Iruñeko Udalak, animalia horiei familia bat bilatu nahian. Udalak ohar batez jakinarazi duenez, euren denbora eta tokia animalia batekin partekatu nahi duten familiak erakarri nahi dituzte.

Egun zentroan 30 animalia dauden arren, Iruñeko Udalaren arabera, urtean laurehun baino gehiago igarotzen dira zentrotik. Horietako gehienak txakurrak eta katuak izaten dira, arraza eta adin ezberdinetakoak gainera. Adopzioa sustatzeko asmoz, adoptatuak izateko moduan dauden animalien irudiak jartzen ditu Iruñeko Udalak www.pamplona.net atarian.

Programa hori 2007. urtean jarri zuen martxan udalak. Ordutik, Animaliak Artatzeko Iruñeko Zentroan zeuden 976 txakur eta katu adoptatu dituzte. Bide horretan jarraitu nahi duela ohartarazi du.

Hala ere, Iruñerrian animaliak adoptatzeko aukera eskaintzen duen zentro gehiago ere bada, tartean Animaliak Babesteko Etxauriko zentroa. Egun albaitaritza klinika pribatu batek kudeatzen duen arren, Etxauriko Neskak izeneko boluntario talde bat buru-belarri aritzen da zentroan dauden txakurren adopzioa sustatzen.

Berez, Nafarroako Gobernuarena da zentro hori, baina azken urteetan Etxauriko Neskek behin eta berriz ohartarazi dute bertan dauden animalien bizi-baldintzak ez direla batere onak. Esaterako, joan den otsailean izandako euriteen eraginez, hainbat txakur itota hil ziren. Zentroko bizi-baldintzak hobetzeko beharra dagoela aldarrikatu dute.

Gabonetan, kanpaina bat ere izan dute martxan, animalia bat etxean hartzean “arduratsu” jokatu behar dela ohartarazteko. Egunero-egunero izaten dira Etxauriko zentroan kalean utzitako edo bertara eramandako txakurren kasuak. Etxauriko Neskek Facebook gunea ere badute: www.facebook.com/txikasdeetxauri da helbidea.