Gobernuak ez du estaliko Biurdana institutuko patioa ikasturte honetan

“Nik espero dut beranduenez Eguberrietarako konponbide bat zehaztu ahal izango dugula”, esan zuen azaroaren 14an Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak. Nekane Perez Aralar-NaBaiko parlamentariak Biurdana institutuan dituzten Gorputz Heziketa egiteko azpiegitura faltaren inguruan galdetu zion parlamentuan. Iruñeko institutuan, Gorputz Hezkuntzako 52 saio egin behar dituzte astean, baina 33 eskola ordutan baino ezin daiteke gimnasioa erabili. Gainera, eskola ordu bakoitzean talde bakar batek baino ezin dezake erabili gimnasioa, nahiko txikia delako. Hori dela eta, 19 saiotan bi taldek ordu berean dute klasea. Horietako batek gimnasiotik kanpo egin behar du Gorputz Hezkuntzako saioa. Biurdanan ez dute beste babestutako leku handirik. Baina gobernuak ez du patioa estaliko, guraso elkarteek eskatzen duten bezala. Beraz, euria egiten duenean, gimnasioan ez dagoen taldeak ezin du “ganorazko” saiorik egin.

Arazoak ez dira berriak Biurdanan. Institutua Iruñeko Donibane auzoan dago, eta 1995. urtean ireki zuten Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko zentro gisa. Lehenago, eraikina Lehen Hezkuntzako eskola izan zen. Hainbat tokitako ikasleek ikasten dute han: besteak beste, Arrotxapea, Donibane, Sanduzelai, alde zaharra, Irurtzun, Lekunberri eta Berriozar. Aurreikusitakoa mantentzen baldin bada, bi urte barru Orkoien eta Buztintxuriko eskoletako haurrak ere Biurdanara joango dira Bigarren Hezkuntzako ikasketak egitera.

Biurdana institutuak hainbat eskolatatik jasotzen ditu ikasleak. Eskola horietako Guraso Elkarteek Institutuaren Ipar Eremuko Batzordea osatzen dute; urteak daramatzate beste eraikin bat eskatzen. Eduardo Markotegi batzordeko kidea da. “Urteak daramatzagu institutu berria eskatzen. Orain dirurik ez dagoela diote, baina dirua zegoenean ez zuten ezer egin”, dio Markotegik. Orain, Gorputz Hezkuntzako klaseak emateko toki falta da haien ardura nagusia. “Gaur egun gimnasioa dena jantokia zen Lehen Hezkuntzako eskolan. Gela txikia da, eta talde bakar batek erabil dezake. Hori dela eta, bi talde elkartzen direnean, astean 19 saiotan, talde batek gimnasiotik kanpo eman behar du klasea”, azaldu du Markotegik.

Iribasek parlamentuan Biurdanari buruzko galdera erantzun zuenean, hainbat toki aipatu zituen gimnasioaren alternatiba modura. Horietatik bi baino ez daude estaliak: areto nagusia eta jolastokiko portxea. “Aterpean ezin daiteke inolako klaserik eman, eta areto nagusia ere txikia da. Gainera, gimnasio gisa erabiltzen bada, ezingo da areto nagusi gisa erabili, aulki guztiak batu behar direlako”. Institutuaren Ipar Eremuko Batzordeak kirol zelaiak estaltzeko eskatu du; horrela, euria egiten duenean, ikasleek kirol zelaietan egin ahal izango dute Gorputz Hezkuntzako klasea. Iruñerriko beste institutuetan badituzte patio estaliak. “Beste ikastetxeetan dutena baino ez dugu nahi”, dio Markotegik. Abenduaren 18an, batzordeak 708 instantzia aurkeztu zituen Hezkuntza Departamentuan, gimnasioko toki faltaren arazoa konpontzeko. Oraingoz, ez dute erantzunik jaso.

Irtenbidea lortu nahian

Urtarrilaren 10ean, David Herrero Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusiarekin bildu ziren Javier Perez eta Asier Azpilikueta, Biurdana institutuko zuzendaria eta ikasketaburua, hurrenez hurren. Herrerok bileran berretsi zuen gauza bakarra da aurten ez dutela lanik egingo, diru falta dela eta. “Ikasturte honetarako eta hurrengoaren hasierarako ez dugu kirol pista estalirik izanen. Hala ere, Herrerok esan du behin-behineko hainbat irtenbide aztertzen ari direla: besteak beste, Biurdana ondoan dagoen Donibane institutuaren kirol pista eta Anaitasuna kirol elkartea erabiltzea”, azaldu du Azpilikuetak. Aste honetan, Hezkuntza Departamentuko ikuskari batek zentroa bisitatu behar zuen. Biurdanan patio estalia nahi dute, baina, aurrera begira, beste institutu bat beharko dute, aurreikusten baitute urtez urte ikasle “uholdeak” jasoko dituztela datorren hamarkadan.