Martxan dira asteburuko eta hiriko barnetegiak

Iragan urtean izandako emaitza onak kontuan hartuta, Nafarroako AEK-k asteburuko eta hiriko barnetegiak antolatu ditu Arantzan eta Lizarran, hurrenez hurren. Bereziki, euskaraz A2 maila duten euskara ikasleentzat daude pentsatuta barnetegiok. Hala ere, maila apalagoa dutenek ere parte hartzeko aukera izango dute. Astez euskaltegi zein hizkuntza eskoletan izaten diren eskoletan eskuratutako ezagutzak indartzeko eta sendotzeko aukera ikasleen eskura jarri nahi du AEK-k. Euskal Herri osoko pertsonek eman ahalko dute izena.

Arantzako asteburuko barnetegietan parte hartu ahal izateko bi aldi daude, bata maiatzaren 9ko asteburua eta bestea maiatzaren 23koa. Euskaltegi, akademia, ikastola edota norbere kabuz euskara ikasten ari den lagunentzako dago pentsatua Bortzirietako herriko asteburuko egonaldia. Barnetegian egonaldia ostiral iluntzean hasiko da, eta amaitu igande arratsaldean.

Hiri barnetegien kasuan, maiatzaren 17 eta 18an izango da. Arantzako egonaldiaren antzekoa izango da, baina gaua nork bere etxean igaroko du. Lizarran izango da hiri barnetegia deiturikoa. Turismoa eta historia uztartzen ditu eskaintza honek. Izan ere, Gobernadorearen Jauregian Karlismoaren Museoa bisitatuko dute parte hartzaileek, edota antzinako Nafarroako Erresumako hiru gazteluren arrastoen artean paseatzeko aukera izango dute.