“Lan handia” izan dute Ana Colomok (Iruñea, 1965 ) eta Aezkoako Korrikako batzordekoek asteotan. Orain, Korrika heltzea baino ez da falta. Datorren ostiralean iritsiko da Nafarroako Pirinioetara, eta elurra ere ez da faltako.
Zer lan egin duzue orain arte?
Denetarik. Aurreko asteburua errepideak markatzen eman genuen, baita kartelak herriz herri jartzen ere. Urepelera ere joan behar izan dugu hainbat gauza eramatera. Telefonoarekin ere erne ibili behar izaten dugu etengabe. Lan handia da.
Hotza eta elurra ez dira faltako Nafarroako Pirinioetan.
Askotan izan da Korrika zuria inguru hauetan. Gogoan dut Orreagan hasi zenekoan elurte handia izan zela. Hotza izatea espero dugu. Euria ez dugu gustuko, baina elurrarekin korrika egitea errazagoa da. Ez dugu arazorik izaten pasatzeko.
Herri txikiak dira zuen ingurukoak. Jende gutxi ibiltzen da Korrikan?
Jendea egon beti badago, baina egia da beste leku batzuetan ikusten den multzo hori ez dagoela. Bakartiagoa da hemen Korrika, baina intimoagoa ere, eta politagoa akaso. Edonola, Garraldan kontzentrazio eskola dago, eta Korrikan parte hartuko dute; beraz, oso hunkigarria izango da 100 bat haur eta gazte ikustea.
Zer da zuretzat Korrika?
Egunean bertan, zerbait hunkigarria, eta hilabeteetako lanaren saria. Hunkigarria da ikustea jendeari berdin zaiola eguraldia edo ordutegia, eta beti dagoela ateratzeko eta laguntzeko prest.