Ahaldundu. Ahalduntze. Ahaldun. Hitz potoloa, egia esan. Potoloa, eta zergatik ez, arraroa. Hitz hori lehendabizikoz entzun nuenean, pare bat aldiz azaldu behar izan zidaten haren esanahia. Kontzeptuak oinarria feminismoan zuela kontatu zidaten.
Eta gero, bizitzan ahalduntzeak zer-nolako garrantzia duen ikasi egin dut, pixkanaka. Egoera bati aurre egiteko eta buelta emateko tresna garrantzitsuenetakoa dugu ahalduntzea, nire ustez. Edozein momentutan gerta dakiguke, edozein unetan ahalduntzen gara, berdin dio zein den hori bultzatzen duen arrazoia.
Hainbat zapalkuntza izaten dugu gutako askok eta askok. Ez naiz ni salbuespena izanen, eta genero, klase eta nazio zapalkuntzari erantzuteko modurik onena iruditzen zait. Ahalduntzea. Ahaldun izatea egunez egun nahi dudan eta irudikatzen dugun Euskal Herri hori eraikitzeko. Eguneroko borroka iruditzen zait ahalduntzearen lana, barruan duguna atera eta bizitzari aurre egiteko beste ikuspuntu bat. Indarrak ateratzekoa, gu nor garen eta zer nahi dugun jakitekoa. Kolektibizatzeko modua ere iruditzen zait. Elkarri eskua eman, helburuak konpartitu eta horren alde apustu egiteko era. Joan den uztailaren 4an, eraso sexisten aurkako manifestazioan, ahalduntzea zer den sentitzeko aukera izan genuela iruditzen zait niri, buruberokien azpian gure haserrea kolektiboki adieraztekoa, eta gure amorrua elkarrekin erakustekoa.
Egunerokoan, eta, are gehiago, gure Nafarroa foral eta espainiar honetan, euskaldun izatea zaila da. Zaila da dendara sartu eta “aupa”, “kaixo”, “agur” esateaz gain hurrengo hitzak euskaraz egitea. Zaila da betidanik gurekin eskolan, institutuan egon denari euskaraz egitea. Ohiturak apurtzea. Zaila da euskara eremu informalean erabiltzea. Pixkanaka agertuz joan diren segurtasun falta horiei guziei aurre egiteko.
Ahalduntzea ez da egun batetik bestera egiteko zerbait. Barrutik indar handia ateratzea eskatzen du, baina edozein keinu txiki izaten ahal da ahalduntzeko lehenengo pausoa, edo ahalduntzea bera.
Hori da aurtengo Korrikaren gaia, leloa: euskAHALdun. Euskara dugulako, eta euskara izaten ahal dugulako, erabiltzen ahal dugulako, eskubidea dugulako. Eskubidea dugu euskaraz jaiotzeko, ikasteko, medikuarengana joateko, kirola egiteko, lan egiteko, lagunekin egoteko… Euskaraz barre egin, jolastu, oheratu, mozkortu, erotu, gozatu nahi dut. Eta inork baimena eman baino lehenago, hori egitera goaz. Inork erakutsi gabe, euskahaldun guziak euskaraz bizitzera goaz. Euskaraz biziko gara, euskaldunon komunitateak ahal du. Ahal dugu, eta horretara goaz. Izarbeibartik pasako da gaur bertan Korrika. Eztarria urratuko dugu euskararen alde, korrikan, dantzan eta festan ere, euskaraz bizi nahi dudalako. Euskaraz bizi nahi dugulako, Nafarroa osoan, harresiak eta hormak botako ditugu, ahalduntzera goaz, euskahaldun izatera.