Talde lanean sortu dute Elaide.eus euskarazko sare soziala, Nafarroako 32 toki entitatetako euskara zerbitzuen artean. Horietako bat da Antsoaingoa, eta Elvira Lizeaga da bertako euskara teknikaria, Nafarroako euskara teknikarien sareko kidea ere badena. Baikor begiratzen dio egitasmoari, “nahiz eta denborarekin landu beharreko kontua den”.
Zer da Elaide.eus?
Sare soziala da, euskal hiztunentzat eta euskara ikasten ari direnentzat eratua. Euskaraz sortua da, eta euskaldunoi euskaraz bizi ahal izateko beste bide bat ematea eta euskararekin laguntza behar duenari ematea dira haren helburuak.
Zer beharretatik sortua da?
Nafarroako toki entitateetako euskara zerbitzuek sortu dute. Sare horretan lan handia egiten da, eta proiektu hau euskalduntzea eta alfabetatzea bultzatzen duen taldeak abiatu du. Horrek ematen dio nolabaiteko markoa egitasmoari. Arlo hori beste modu batean jorratu nahi genuen, eta, horregatik, hutsuneak aztertu eta proiektua abiatu zen.
Esan daiteke, beraz, euskaldunak komunitateen beharra duela?
Euskaldunok, oro har, euskaraz bizitzeko guneak behar ditugu, besteak beste komunitateak, birtualak zein fisikoak. Egia da, gainera, zenbait kasutan, hiztuna nongoa den, inguruan ez duela euskara entitaterik nahi duenean euskaraz egin ahal izateko. Honek, beraz, beste harrera gune bat sortu nahi du horretarako.
Euskaldunak, gainera, gero eta barreiatuago daude Nafarroan. Zabaltzen doa, gutxika, lehen erabat kontzentratua zegoena.
Egia da eremu fisiko eta geografiko guztiak ez direla berdinak. Zalantzarik gabe, sakabanaketa kontu bat badaukagu, ez lurraldeko sakabanaketa bakarrik, baizik eta baita hiztunena ere. Horretaz gain, egia da zenbait momentutan pertsona horiek badutela toki zehatz batzuetan biltzeko joera, baina egia da eguneroko bizitzak eta betebeharrek ere ez dutela lan hori errazten.
Eta, hain zuzen ere, horretarako sortu da Elaide.eus. Euskarazko lehen sare soziala dela diozue.
Bai, horrela sortu dugu. Egia da programak, aplikazioak eta horrelako gauzak ez daudela euskaraz, hori ez dugu ukatuko. Baina euskaratu ditugu, eta bai, euskarazko sare sozial gisara aurkeztu dugu Elaide.eus.
Euskara ikasle eta hiztunentzat bideratu nahi duzue sare soziala. Zer eman diezaioke batak besteari?
Denok daukagu zer eman eta zer hartu, eta hori da, hain zuzen ere, Elaide-ren filosofia. Batak besteari zer ematen dion? Euskaraz bizitzeko aukera. Kontuan hartu behar da bai kalean eta baita Interneten ere askotariko jendea dagoela euskaraz badakiena eta han-hemenka aritzen dena. Baina jende horrek ez du gune bat propio horretarako, euskaraz mintzatzeko, prestatua. Hiztunek euskaraz bizitzeko beste aukera bat izango dute orain, eta euskara ikasleek ere aukera izango dute pixkanaka integratzeko. Elaide-k hiru mailatako helburuak zehaztu zituen hasieratik, eta lehen biak bete ditu neurri batean. Batetik, euskalduntzeari buruzko informazio eta baliabideak jasoko lituzkeen gune bat sortu nahi genuen, eta hori eginda dago jada. Bestalde, aisialdiari buruzko tresna bat ere sortu nahi genuen, eta hori ere eginda dago. Zein da hirugarren helburua? Etorkizuneko erronka da Elaide.eus euskal hiztunak zein hiztun berriak hartzeko gune bilakatzea, eta gune horretan dagoen jendeak sarean euskara erabiltzea, baina epe luzera ahozko harremanetan gauzatzea hor sortzen den elkarreragina.
Zer egin dezake erabiltzaileak Elaide.eus atarian?
Egin beharko lukeen lehen gauza bertan sartu eta profila eratzea litzateke. Guk sare soziala izena jarri diogu honi, baina sare sozialak, hitzak dioen bezala, jendeak eratzen ditu. Facebook eta Twitterren lehen aldiz sartu ginenerako han bazegoen jendea, baina gurea guk bete behar dugu. Beraz, lehen pausoa hori da. Gerora, espero dugu zabaldua dagoenean eta ehundura handixeagoa denean, alegia, udazken partean, hau aurkeztea. Eta momentu horretatik aurrera, erabiltzaileek aukera izango dute, besteak beste, zaletasunen inguruan planak proposatzeko, zalantzak kontsultatzeko edo interesak partekatzeko. Eskaerak egiteko zein planak egiteko gune bat izango da. Demagun norbaitek argazkietarako zaletasuna duela, bada, agian, tarteka kanpora atera nahi izango du argazkiak ateratzera, eta norbait gonbidatzeko aukera izango du. Edo demagun norbaitek sukaldean zerbait egiten ikasi nahi duela, bada, akaso, beste batek lagunduko dio. Hori guztia epe luzerako erronka da. Nolabait, erreferentzia edukitzea, hor beste leku bat daukagula horretarako.
Zein emaitza espero duzue izatea egitasmo honek?
Guk baikor begiratzen diogu esperientzia honi, baina inguruan ez daukagu inolako erreferentziarik alderatu ahal izateko. Kontuan izan behar dugu badirela nolabaiteko sare sozialak hizkuntzaren irakaskuntza baliatzen dutenak, baina ez daukagu halako adibiderik. Sare sozial honek duen berezitasuna da sare sozial fisikoa oso gertu daukala, eta hori probestu nahi izan dugu proiektu honetan. Hortik aurrera, ikusi beharko dugu. Alde horretatik, jendea sartzen ari da, baina oraindik denborarekin landu behar da hau, epe luzerakoa delako erronka. Edonola, helburu batzuk beteak ditugu, eta pozik gaude. Baina are pozago egongo gara azkeneko erronka hori ere lortzen dugunean.