Irakurle maiteak, ia ziur naiz lerro hauek irakurriko dituzuen guztiok nahi duzuela maiatzeko hauteskundeetatik aterako den gobernua aurreko gobernuen oso ezberdina izatea. Horretarako, bistan denez, aldaketarako indar guztiek ados jarri beharko dute. Baina borroka horretan sartu aitzin, ikusi beharko dute ea aritmetikak aldaketa hori ekarriko ote duen. Bada, hauteskundeetarako hilabete pasatxo falta delarik, non gauden azal dezaketen zenbaki batzuen entsalada ezkor samarra eskainiko dizuet. On egin. Edo ez.
Volkswagen: Apirilaren 1ean, berriz ere, UGT sindikatuak Iruñeko Volkswagen lantegiko hauteskundeak irabazi zituen. 4.352 langileetatik 3.885ek eman zuten botoa (%89,27); horietatik 1.103k UGTri eman zioten bozka (%28,4) eta 790ek CCOOri (%20,3). UGT eta CCOO sindikatuak erregimeneko kidetzat joko bagenitu eta Volkswageneko datuak Nafarroako politikara estrapolatuko bagenitu, emaitzak kezkatzeko modukoak lirateke aldaketa nahi dutenendako.
Baina bada esperantzarako zirrikiturik: UGTk 1.725 afiliatu omen ditu (%39,6) Volkswagenen, eta CCOOk, 1.100 (%25,3). Hau da, Volkswagenen badira langile batzuk UGTko edo CCOOko karneta dutenak —akaso, sartzeko karnet hori eskuratu behar izan zutelako—, baina bi sindikatu horiei botoa ematen ez dietenak.
Aranzadi: Azkenean, apirilaren 2an jakin genuen Podemos alderdiak Aranzadi zerrenda hiritarra babestuko duela Iruñeko Udalerako hauteskundeetan. Aferak berebiziko garrantzia zuen, Iruñeko Udalaren kolorea aldatzeko nahitaezkotzat jotzen baita alderdi morearen konkurrentzia. Iragan astean, beraz, iragarri zuten zein euritakoren azpian aurkeztuko diren pabloiglesiastarrak. Baina erabakia hartzeko prozesuak hainbat kontu kezkagarri azaleratu ditu. Prozesua iskanbilatsua izan da, gatazkatsua —alde batekoek zein bertzekoek sekulakoak bota dituzte sare sozialetan eta hedabideen foroetan—; agerian geratu da Podemosen inguruan gauzak ikusteko modu oso ezberdinak daudela.
Horri guztiari gehitu behar zaio bakarrik 440 pertsonak bozkatu zutela, eta irabazleen eta galtzaileen arteko boto aldea soilik 18koa izan zela. Hagitz jende gutxi, nire ustez, Podemos aldaketa gidatzeko alderdia izatera deitu dutela kontuan harturik.
Lerrook idazteko tenorean, gainera, ezinezkoa da jakitea ea Aranzadik hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko 3.000 sinadurak lortu dituenetz. Apirilaren 1ean, sinadurak biltzeko lehenbiziko egunean, 2 ordutan 30 sinadura bertzerik ez zituzten bildu. Pentsatzekoa da, Podemosen erabakia jakin eta gero, bermeak lortzeko prozesua azkartuko zela.
D eredua: Nafarroako zein Iruñeko gobernuak aldatuko badira, indar abertzaleek gobernu alternatibo horietan egon beharko dute. Baina euskal abertzaletasunak badu arazo bat, D ereduak Nafarroan duen berbera. Azken hamarkadan, bai batak eta bai bertzeak doi-doi gainditu dute gazta zatiaren laurdena. 2011ko foru parlamenturako hauteskundeetan, NaBai 2011 eta Bildu alderdiek botoen %28,33 lortu zuten bien artean. Aurtengo aurrematrikula kanpainan, 2012an jaiotako haurren %26 sartu ditugu D ereduan. Halaxe gaude, herenera ezin ailegatu.