Joxerra Senar / BERRIA
Aldaketaren kanpaina da. Berez, arretaz aztertuz gero, alderdi guztiek aldarrikatzen dute modu batera edo bestera aldaketa. Hitz bera izan arren, ordea, esanahi polisemikoa du, eta erabiltzen duenaren ahoari erreparatu behar zaio jabetzeko egiazki aldaketa den… edo beste zerbait. Izan ere, hainbeste urtez agintean izan den UPN boteretik kentzea ez den beste edozer gauza, aldaketatik kanpo dago. Eta, ironikoki, hori bilatzea helburu du hautagairen batek baino gehiagok.
Aipatuaren aipatuaz, Il Gattopardo eleberriaren lelo ezaguna dute erregimenaren aldeko presio taldeek amets. Badakizue: zerbait aldatu, gauzek beren hartan jarraitu dezaten. Jose Javier Esparzaren hautagaitza ez al da, bada, horren laburpena? Esparzak ez darabil mingainean dantzan aldaketa, baina bai antzeko kontzeptu bat: eraberritzea. Memoria laburra dugu, baina ez da ahaztu behar UPNko sektore batek Yolanda Barcina kendu nahi zuela, eta haiek ere aldaketa nahi zutela. Etorri zen aurpegi aldaketa, baina eraberritzearen beste aztarnarik ez dago. Esparzaren diskurtsoa eta moduak Barcinaren berberak dira.
PSNk aldaketa hitza erabiltzeko ez du hainbeste eragozpenik. Gainera, uzten bazaie, sozialista nafarrek inork baino gehiago erabil dezakete. Erabiltze hutsak, ordea, ez du ezer ziurtatzen. Roberto Jimenezek duela lau urte promes egin zuen ez zuela UPNrekin gobernua osatuko, eta, azkenean, osatu zuen. Roberto Jimenezik ez dago, baina Txibiteren moduek eta hitzek hura gogorarazten dute. Eskuin eskuarekin, aldaketaren oihala darabil hautagai sozialistak, eta ezker eskuinarekin, egonkortasuna eta erantzukizuna. Jendeak jada ikasi du sozialisten ahoan zer esan nahi duen egonkortasunak, are gehiago EH Bildurekin ez duela hitzarmenik egingo ziurtatzen badu.
Egonkortasunaren defendatzaile asko daude Nafarroan. Esate baterako, UGTko idazkari nagusi Javier Lekunberri. Ziurtatu du lehenbailehen nahi duela gobernu egonkorra. Denok oroimenean iltzatua dugu CCOO eta UGT 2007an Miguel Sanzen inbestidura exijitzen. Haiek ere murrizketak salatzen dituzte, baina euren diru laguntzak jasotzen jarraitu nahi dute, eta UPNrekin hori ziurtatua dute.
PP eta Ciudadanos albo batera utzita, gainerako alderdien artean bai, nabari da UPN gainetik kentzeko gogoa eta borondatea. Arazoa da orain ez dela antzematen hori gauzatzeko aritmetikek emango ote duten eta formula hori nola gauzatuko ote den.
Maiatzaren 24ko mapa konplexua izango da, baina horrek baditu bere abantailak. Gaztatxoaren formula desegin da. UPNk eta PSNk, ezuste handirik ezean, ez dute jada gehiengoa ziurtatua, eta Ciudadanos eta PPren batuketa behar dute erregimena betikotzeko. Ez dirudi Pedro Sanchezek eta PSOEk berriro euren oinari tiro egingo diotela.
Alta, PSN, gainbehera itzelik ez badu, gobernuaren osaera zailtzen ahaleginduko da. Egon ziur gobernu alternatiboa osatzerakoan ez duela orain erantzukizunik aldarrikatuko, duela lau edo zortzi urte UPNrekin egin bezala. Kanpainan ohikoak diren zangotrabak eta taktikak albo batera utzi beharko dituzte batzuek zein besteek. Ez dakigu nola. Gobernu sendoa egituratu beharko litzateke, erregimenak bestelako baliabideak badituelako bere jarduera baldintzatzeko. Azken finean, benetako aldaketarako lehen urrats erabakigarria baino ez da gobernu aldaketa, eta Nafarroan politika eta moduak aldatzeko, epe luzeko proiektu iraunkorra antolatu behar da. Benetako aldaketak eskatzen baitu gutxi batzuen mesederako Nafarroa batetik guztien Nafarroa batera pasatzea. Horrela utziko dio aldaketak anbiguoa izateari.